KRISKITIÑA dantza taldeak antolatuta, Gazteen 24garren Dantza Txapelketa izango da, hau da, 15 urte baino gutxiagoko dantzarien txapelketa. Guztira 14 bikotek hartuko dute parte, tartean Hernaniko bikote bat, Suharri Rodrigez eta Maria Saavedra. Gainerakoan beste herri hauetako dantzariek hartuko dute parte igandeko txapelketan: Azpeitia, Orio, Errenteria, Lazkao, Pasaia, Donostia eta Lezo. Txapelketa eguerdiko 12:00etan izango da, printzipioz, Plaza Berrin. Euria egingo balu, Sandiusterrin egingo dute txapelketa.
Arin-arina eta fandangoa
Dantzariek garai bateko euskal jantziekin dantzatu beharko dute, eta bikote bakoitzak bi pieza dantzatuko ditu: fandagoa eta arin-arina. Piezak Beñat Luluagak eta Markos Landak joko dituzte, trikitixarekin. Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrako kideak ariko dira epaile lanetan.
Iaz txapelak Bergarara
Iazko Gazteen Dantza Txapelketako irabazleak Bergarako Aritz Arrillaga eta Amaia Bolinaga izan ziren. Gutxigatik irabazi zuten, bigarren postua lortu zuten Azpeitiako Larrañaga bikoteak ere lan ona egin baitzuen.