PABLO lasaren omenezko 29garren Artisau Azoka izango da igandean Atsegindegin, urtero abenduko aurreneko igandean egiten den bezala. Guztira 25 artisauek jarriko dituzte postuak, Hernanikoak eta Gipuzkoako beste herrietakoak. Goizeko 11:00etatik 14:30etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara izango da azoka ikusteko aukera, Atsegindegiko aterpean.
Denetariko
artisau postuak
Aurtengo azokan, azken urteetan bezala, artisautza tradizionala eta lan eta teknika berriak uztartuko dira; artisautza bizirik dagoenaren seinale. Alde batetik, egur taila, zeramika, harria, artilea eta euskal jantziekin postuak jarriko dituzte artisauek; eta bestetik, teknika berriekin egindako lanekin ere jarriko dituzte, esaterako: serigrafia teknikarekin egindako jantziak, fimoarekin egindako pitxiak, berziklatutako neumatikoekin eta kautxoarekin egindako gerriko eta karterak.
Hoiekin batera izango dira, burdin arizko lanak, txotxongiloak, buruari eragiteko jokoak, kolorezko bisuteria, tinte naturalekin kolorea emandako arropak, beira, larruarekin egindako lanak, makramea, esmaltearekin egindako bitxiak, metalezko kapa batekin estalitako hosto eta bestelako materialak, eta abar.
Azokan, artisauek egindako lanak erosteaz gain, lana nola egiten duten ikusteko aukera izango da, eta baita lanak enkarguz eskatzeko ere.
Bost hernaniar tartean
Jarriko diren 25 postu horien artean izango da hernaniarrik, guztira bost. Anastasia Leundak, azkeneko urteetako bideari jarraituta, ezkur eta artilez egindako lanak jarriko ditu bere postuan; Maider Kalonjek ere egur taila piezak jarriko ditu salgai; Oihane Sanzek fimo edo buztin polimerikoarekin egindako bitxiak jarriko ditu bere postuan; Ziku-k zilarrez egindako belarritako, eraztun eta abar jarriko ditu. Azkenik, Alaitzek reziklatutako neumatiko eta kautxoarekin egindako gerriko, poltsa eta karterak jarriko ditu salgai.
Azokaren
inguruko ekintzak
Urteroko moduan azokaren bueltan ekintzak izango dira. Alde batetik, taloak, pasta biologikoak, Errioxako ardoa, eztia eta janari ekologikoarekin postuak jarriko dituzte. Bestetik, bertatik bertara ikusi ahal izango da beira nola lantzen den. Haurrentzako eskulan tailerra ere antolatu dute.
Musika ere ez da faltako Irungo Agirretxe anaiak izango baitira dultzainarekin azoka girotzen, eta haiekin, batean, Hernani Musika Eskolako trikitilariak.