Ruper Ordorikaren kontzertua izango da abenduaren 20an

Kronika - Erredakzioa 2008ko abe. 2a, 01:00

RUPER Ordorika musikaria Hernanin bertan entzuteko aukera izango da Gabonen bueltan, Kultura Sailak antolatutako kontzertuan. Emanaldia abenduaren 20an izango da, Biterin, eta sarrerak abenduaren 15etik aurrera jarriko dituzte salgai, Biterin bertan, 6 euroren truke. Kontzertua gaueko 22:30etan hasiko da.

Ibilbide oparoko musikaria
Ruper Ordorika ibilbide oparoko musikaria da. 1980garren urtean argitaratu zuen aurreneko diskoa, Hautsi da anphora izenburuduna. Kritika oso onak jaso zituen Bernardo Atxagaren hitzekin osatutako diskoak. Orduz geroztik, disko ugari argitaratu ditu, guztira 18, tartean dira: Bihotzerreak, Ez da posible, So’ik’so, Dabilen harria, Kantuok jartzen ditut... Bakarkako ibilbideaz gain, azpimarratzekoa da Hiru Truku taldearekin egin duen lana, Joseba Tapia eta Bixente Martinezekin batean. Proiektu honekin hiru disko argitaratu dituzte. Bertan garai bateko euskal kanten moldaketak entzun daitezke. Oñatiko musikariak aurten aterako du disko berria, Memoriaren mapan izenekoa. Bilboko Kafe Antzokian, 2006 urtean, Mugalaris taldearekin batean eman zuen kontzertua jasotzen da bertan. Diskoan, kantuez gain, hainbat abestietako irudiak ere jasotzen dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!