Buruntzaldeko pelotazaleek, hau da, Hernani, Usurbil, Lasarte, Andoain, Astigarraga eta Urnietako pelotazaleek, hitzordu garrantzitsua dute datorren abenduaren 28an. Herri horietan pelota sustatzeko lanean dabilen teknifikazio taldeak antolatuta, egun guztiko jaialdia izango baita egun horretan. Teknifikazio taldean lanean dabil Oier Mendizabal pelotaria eta egun horretarako prestatzen ari diren egitaraua aurreratu dio Kronikari.
Maila guztietako jokalarien partiduak goizean
Egun horretan, goizean zehar, maila guztietako pelotariek partiduak jokatuko dituzte Buruntzaldeko 6 herrietan. Guztira 400 pelotari ariko dira: benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil eta afizionatu mailakoak. Hernaniren kasuan, eguraldi ona egingo balu, partiduak Tilosetako frontoian jokatzea aurreikusi dute, eta euria egingo balu, Kiroldegiko frontoian.
Partiduen ondoren, eguerdian denak Otsua-enea sagardotegira joango dira bazkaltzera.
Arratsaldean profesional mailako pelota jaialdia
Arratsaldean, pelota jaialdi ikusgarria jokatuko da Hernaniko kiroldegian eta espero da pelotazale ugari bilduko direla bertan. Aurreneko partiduan, Saralegi-Oteizak jokatuko dute Mendizabal-Argoteren kontra. Bigarren partiduan, Berasaluze VIII eta Beginok jokatuko dute, Oier Mendizabal eta Aimar Olaizolaren kontra. Beginok jokatuko duen ala ez oraindik ere zehazteko dago, eskutik operatu baitute duela gutxi.
Partidua arratsaldeko 17:30etan hasiko da. Sarrerak salgai jartzean jakinaraziko dute.
Pelotariak klubetan
mantentzeko lanean
Buruntzaldea mailako teknifikazio taldea duela bi urte sortu zela azaldu du Oier Mendizabalek. Taldearen funtzioa, besteak beste, herri mailako pelota klubek egiten duten lana osatzea da. Ikasturtean zehar klub ezberdinetako jokalariak bildu eta entrenamendu osagarriak eskaintzen dizkiete. Udan ere, klubak oporretan daudenean, entrenatzeko aukera ematen die pelotariei teknifikazio taldeak. Oier Mendizabalek azaldutakoaren arabera, asmoa da pelotarien beharrei erantzutea eta pelotariak bere herrietako klubetan mantentzea.
Laguntzaileak
Buruntzaldeko teknifikazio taldea ari da abenduaren 28ko jaialdia antolatzen, baina laguntza ere jasotzen ari dira eta tartean dira: Hernani eta Buruntzaldeko beste herrietako Udalak, 6 herrietako pelota elkarteak eta Asegarce. Emandako laguntzarengatik eskerrak eman nahi izan dizkiete, baita ere, Bankoa, Ibaimendi denda, Arano igeltseritza, eta Otsua-enea sagardotegiari.