SANTA Zezilia eguna atzo ospatu zuten Kantuz Abesbatzak eta Udal Txistulari Bandak. Aurrean izan zuten Sandiusterri aretoa bete-bete eginda, eta kontzertu ederra eskaini zuten, hasieran txandaka, eta bukaeran denak batera. Tartean, dantzariek eta metal boskoteak lagundu zien, eta kolore polita eman zioten kontzertuari.
Kontzertua txistulariek hasi zuten lau abestirekin; azken biak dantzarien laguntzarekin. Neke haundirik ez zuten azaldu bi dantzariek, erritmo bizian mugitu behar izan bazuten ere. Ondoren, Kantuzeko ahotsak entzun zituzten bertara hurbildutako herritarrek; zazpi izan ziren hauek kantatutako abestiak. Azkenik, denek batera interpretatutako hiru abestirekin kontzertuari amaiera hunkigarria eman zieten.
Txistulariak arkupetan eta Akordeoiak Milagrosan gaur
Santa Zezilia egunaren bueltako kontzertuak atzo amaitu ziren arren, herrian izango da musikaz gozatzeko aukera gehiago. Gaur esaterako, Musika Eskolako Txistulari Taldearen kontzertua izango da Udaletxeko arkupetan; eguerdiko 12:30etatik aurrera.
Ordu berean baita ere, Akordeoi kontzertua izango da Milagrosan. Kontzertua Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak antolatu du eta 18 akordeoilarik hartuko dute parte: Uxue Lopez, Ane Mazizior, Ariane Gaztañaga, Sara Otaegi, Cristian Suarez, Maria Isabel Larraya, Aitor Acuriola, Amaia Aspe, Itzia Abad, Sara Zozaia, Aritz Ganzo, Itsaso Mungia, Xabier Diaz, Pablo Gorostiaga, Marina Castillo, Unai Olaizola, Odil Bourguignon eta Irati Gastesi.