Aranoko Heineken garagardo lantegia ixtera dijoala iragarri zuen duela astebete, Heineken España konpainiak. Konpainiak lau lantegi haundi ditu estatuan, haundiena Sevillan, duela hilabete irekia eta Europako haundienetakoa. Konpaniak dioenez, garagardo kontsumoa jaitsi egin da, eta ondorioz, bere lantegiak berrestrukturatu beharrean dago; hori dela eta, lantegirik txikiena, Aranokoa hain zuen, ixtea erabaki du.
69 langile kalean
1982an ireki zenez geroztik jende askok egin du lan Aranoko lantegian. Urte batzuetan 100dik gora langile izan dituen arren, oraintxe bertan 69 langile ditu. Horietako gehienak ingurukoak: Aranoko 8 langile Iñigo Larrea alkatearen esanetan; horrez gain, Goizuetako, Hernaniko, Urnietako eta Donostiako jendea ere bada tartean, eta urrutixeagotik etortzen direnak ere badira. Guztien kaleratze baldintzak negoziatzekotan dira datozen asteetan.
Itxiko dutela «nahiko
segurua da»
Hilaren 21ean jakinarazi zien enpresak langileei hartutako erabakia eta ezustean harrapatu zituen. Geroztik langileak antolatzen ari dira. Negoziazio mahaia osatu dute eta dagoneneko bileraren bat egin dute enpresarekin itxieraz eta itxieraren baldintzetaz hitz egiteko. Aste honetan bilera egin zuten Sevillan bateko eta besteko ordezkariek.
Hainbat iturriren arabera, itxiko dutela behintzat, gauza segurua da. Hala jakinarazi dio Hernaniko Kronikari Iñigo Larrea Aranoko alkateak, «momentuz produkzio normalean dabiltza plantan, baina itxiko dutela gauza ziurra da. (...) Noiz ez dakigu ziur, baina hilabete batzuen kontua da».
Duela hilabete lantegi berria ireki dute
Sevillan
Heineken Españak langileei adierazi dienez, garagardoaren kontsumoa jaitsi egin da, eta ondorioz, produkzioa eta lantegiak berrantolatu beharrean dago multinazionala.
Heineken multinazionalak 5 lantegi ditu estatuan barrena: Arano, Jaen, Madril, Valencia eta Sevillan. Sevillako lantegia hain zuzen, joan den hilabetean ireki zuen eta Heineken taldeak Europan duen lantegirik modernoena da; urtean 500 milioi litro produzitzen ditu eta 320 milioi euro kostatu zaie.
Langileak ezustean
harrapatu ditu
Aranoko lantegia ixteak ezustean harrapatu ditu langileak eta bailarako bizilagunak. Dagoeneko langileak hasiak dira antolatzen eta beren aldarrikapenak luzatzen. Langileen ustez, lantegia berria da, errentagarria da, eta onenak emateko moduan dago.
21 urte lanean daraman langile batek ostiralean Kronikari esandakoaren arabera, «ez dakigu ezer, oraindik Sevillan daude, negoziatzen. Itxiko dutela gauza nahiko segurua da» eta esandakoaren arabera, ez zuten inondik inora espero, «21 urte lanean pasa eta egun batetik bestera hau».
Lantegiaren proposamenak
Itxieraren aurrean, lantegiak hainbat irtenbide proposatu dizkie langileei. Iñigo Larrea Aranoko alkatearen esanetan, «esan dutenez, ez dute itxi eta alde egin nahi besterik gabe, langileen asuntoa lotuta utzi nahi dute eta momentuan hortan ari gara».
Lantegiak hainbat irtenbide eskaini dizkie langileei, besteak beste, aurrejubilazioa, ordaindutako bajak eta taldeak estatuan dituen beste lantegietara joatea.
Negoziazio Mahaia
Negoziazioei dagokienez, Heineken Españak badu Mahai Nazionala edo Comite Intercentros izeneko taldea enpresarekin negoziatzeko. Estatu mailan CCOO eta UGT sindikatuek gehiengoa dute mahaian; ez ordea Aranoko lantegian, ELA sindikatuak bost ordezkari baititu, LABek berriz, hiru, eta bat UGTk.
ELA sindikatuaren esanetan, enpresak ostiralean jakinarazi zien langileei bere asmoa; asteartean berriz, Mahai Naziolanari. Oraintxe bertan langileen ordezkariak eta langileak enpresaren proposamenen zain daude eta datorren astean beste bilera bat egingo da Sevillan.
Sindikatua enpresa ixtearen aurka dago, «eta borrokatu egingo dugu, uste baitugu badaudela arrazoiak lantegiak martxan jarraitzeko».
Enpresak emandako arrazoiari buruz galdetuta, kontsumo jaitsierari buruz alegia, sindikatuak dio, ez dituztela arrazoi horiek onartzen, «duela gutxi inbertsio haundia egin baitzen lantegi honetan bertan, eta gainera, lantegiak ez du gastu haundirik, garai batean lurrak dohainik hartu zituelako eta ura ere ez duelako ordaintzen ia-ia. beraz, lantegia errentagarria da».
Nafarroako Gobernuaren eskuhartzeaz ere hitz egin da egunotan. Sindikatuak dioenez, «arazoa badagokio Nafarroako Gobernuari, lantegiak urte asko daramazkilako bertan eta Nafarroako garagardo bezala ezagutu delako, besteak beste».
26 urte martxan
26 urte dira enpresa egin zela eta urte hauetan bailarako jende asko bizitu da lantegiaren inguruan. Aranoko bizilagun batek gogoratzen duenez, «hau Amerika zen lantegia egin zutenean; zenbat jende mugitzen zen lantegiaren bueltan, langile jendeak, hemengo jatetxeak...».
ARANOKO LANTEGIA
Betidanik hor egon dela dirudien arren, Aranoko garagardo lantegia uste baino berriagoa da. 1982an egin zuten Juan eta Teodoro Kutz-ek, ia 70 urte lehenago, 1913an, Donostian El León ireki eta gero. Aranoko lantegiak 120.000 metro karratu hartzen ditu.
Cruzcampo eta Guinness
Urteen poderioz, lantegia garagardoa ekoizten duten hainbat enpresen esku egon zen, Cruzcampo eta Guinness hain zuen.
2000. urteaz geroztik Heineken
2000garren urtean Heineken taldean sartu zen. Heineken garagardoaz gain, Aranon beste garagardo markak ere egiten dira gaur egun: Amstel (Oro, 1870 eta Amstel Reserva), Cruzcampo eta garagardo bereziak, esate baterako, Legado de Yuste (abadiako garagardo bakarra Estatuan egiten dena). Amstel Reserva eta Legado de Yuste, estatu osoan, Aranoko lantegian bakarrik egiten dira.
Urtean 63 milioi litro garagardo
Aranon Urtean 63 milioi litro egiten dira gutxi gora-behera gaur egun Aranoko Heineken lantegian, bere produkzio kapazidadearen %70ean lan eginda. Kalkulatzen da, ehuneko ehunean lan eginda, 90 milioi litro produzitzeko kapazidadea izango lukeela.
Arula errekako ura, garagardoa egiteko aproposa
Ez da kasualitatea garagardotegia Aranoko paraje horretan egotea, izan ere, garagardotegi batek ura behar izaten du barra-barra, eta ura behintzat ez da falta Aranoko partean. Gainera, diotenez, paraje horretako ura oso ona da, bere konposizoa medio, garagardoa egiteko.
Prozesu osoa Aranoko lantegian garagardoa egiteko prozesu osoa egiten dute. Malta jasotzen dute eta garagardoa produzitzen dute.