AZKEN urteetak bideari jarraituta feria eguna izango da gaur Goizuetan. Artisauen lanak, bertako produktuak, barazkiak, gazta, eztia eta abereak izango dira gaur nagusi Goizuetan. Guztira 50 bat postu izango dira, bai goizuetarrenak baita beste herrietatik etorritakoenak ere.
Gorotza zabaltzea, desafioa, bazkaria...
Postuez gain ekintza ezberdinak izango dira. 10:30ak aldera ardiak jaitziko dituzte gazta egiteko; goizeko 11:00ak aldera sagardoa egingo dute kalean; goizeko 11:30etan ardi esnearekin gazta egiteari ekingo diote; eguerdiko 12:00ak aldera, gorotza zabalduko dute Goizuetako soro batean, garai batean egiten zen bezala, gorotzaz betetako saskia buruan hartuta.
Harri zulatzaileen saioa ere izango da, Plazan.
Desafioa ere antolatu dute gaurko egunerako. Goizuetako bi gazte, Exkurra eta Aritz Zubiri, Joseba Otaegi aizkolari profesionalaren kontra ariko dira. Goizuetarrek 3 enbor moztu beharko dituzte eta Otaegik 4.
Bazkaria eta jai giroa
Eguerdian herri bazkaria izango da eta ondoren Bide Batez taldearekin berbena.
Ilunabarrean, suzko malabareekin ariko dira eta batukada taldearekin poteoan. Goizaldera arte parranda giroa ere izango da gaur Goizuetan.