EMAKUMEA Pelotari txapelketa iritsi da bukaerara. Bigarren kategoriako final haundia gaur jokatuko da Zarauzko frontoian arratsaldeko 17:30etatik aurrera, eta aurrez aurre bi pelotari hernaniar izango dira. Txapelketa ezin hobea egin ondoren, Garbiñe Tijero aurrelari hernaniarrak eta Leire Lukas atzelariak finalerako txartela lortu zuten joan den astean. Gaur, taldekideak izan arren, biak aurrez aurre jokatu beharko dute. Garbiñe Tijerok Urbieta Azkoitiarra izango du bikotekide, eta Leire Lukasek berriz, Dominguez Azkoitiarra. Bi pelotarientzat ezusteko galanta izan da finaleraino iristea, Garbiñe Tijerok dioenez «nik esaterako nire bikotea ez nuen ezagutzen, beraz, txapelketako lehenengo partiduak oso arraroak izan ziren. Berak jokatzen zuen lehen txapelketa zen eta ez ginen guztiz ondo hasi. Hortaz, hasiera horretan pentsatuz gero, finaleraino iritsi garela konturatzea ezustekoa izan da, baina dudarik gabe oso pozgarria».
Partidu berdindua
Gaurko partidua nahiko berdindua izango da. Pelotari hernaniarrak nagusi dira frontoian eta emaitza partiduan egiten den jokuak baldintzatuko du. Garbiñe Tijeroren iritziz «nire jokoa egiten uzten badidate, garaipena lortzeko aukera haundia izango dugu. Partiduko pisua atzelariek eramaten badute berriz, Leire Lukas ikaragarrizko maila ematen ari da, eta ziurrenik garaipena beraiena izango da». Bi aurkariak taldekideak direla kontuan izanik, itxuraz partidu gogorra izan beharko luke bi pelotarientzat, baina Garbiñe Tijerok dionez «partidu arraroa izango da, baina ez gogorra. Nik finalerdietako partidua ere taldekide baten aurka jokatu nuen eta arraroa izaten da, baina partiduko momentuan aurrean duzuna taldekidea dela ahaztu egiten zaizu».
Hernaniarrek txapelketa bikaina egin dute
Emakumea Pelotari txapelketako finalean bi pelotari hernaniar egotea, zalantzarik gabe, hauek egin duten txapelketa bikainaren seinalde da. Garbiñe Tijeroren esanetan «txapelketa osoan pelotari hernaniarrek erakutsitako maila ikaragarria izan da. Joan den urtean jokoan hobetu genuela nabaria zen, baina aurten aldea askoz haundiagoa da. Kristoren maila erakutsi dute pelotari guztiek, gazteenek gu baino maila hobeagoa erakutsi dutela ere esango nuke».
Gainerako partiduak
Bestalde, final haundiaz gain, hernaniarren partidu gehiago ere izango dira gaur eta bihar.
Gaur palan aritzen diren jubenil nesken kategorian, Otxotorena eta Aierbek Pagola eta Ugalderen kontra jokatuko dute, 18:00etatik aurrera kiroldegian.
Bihar 11:00etan hasita, eskuz binakako partidua jokatuko dute Leonet eta Otaegi II-ak Alde Zaharraren aurka. Palan berriz, Irazustabarrenak eta Gutierrezek Suberriren kontra jokatuko dute.