MUSIKA emanaldi ezberdinak izango dira asteburuan Hernanin. Azaroaren 22a, Santa Zezilia izan zen, eta musikarien zaindaria izaki, batean eta bestean izan dira emanaldiak azken egunetan. Gaurkoan Kantuz Abesbatza eta Udal Txistulari Bandaren txanda izango da, eta haiekin batean izango dira metal boskotea eta dantzariak. Zuzendari lanetan Patxi Apezetxea eta Iñigo Arroyo arituko dira. Kontzertua txistulariekin hasiko da. Jose I. Ansorenaren, Alex Iribarren eta Sabin Bikainen piezen moldaketekin hasiko dira. Segidan, Kantuz Abesbatzaren txanda izango da. Danny Boy, Canción de Jinete, Bai aldakizu, God nigh Sweethard, Volver, Hallo Django eta Xauli Xauli abestiak kantatuko dituzte. Bukaeran denek batera, Erreberentzia, Araban bagare eta Gure abestia joko dituzte. Kontzertua arratsaldeko 19:00etan izango da, Sandiusterri aretoan.
Bihar akordeoi kontzertua eta txistularien emanaldia
Bihar ere musikarekin gozatzeko aukera izango da. Eguerdiko 12:30etan, Musika Eskolako txistulariak izango dira arkupetan. Iñaki Egurenen zuzendaritzapean errepertorio zabala eskainiko dute, tartean: Julen Lekuonaren Itsasoan urak haundi eta Ilargira; hainbat herri kantak; eta Isidro Ansorenaren Gutxi, baina nerea eta Maritxu.
Ordu berean, baina Milagrosan, Euskal Herriko akordeoi elkarteak antolatuta akordeoi kontzertua izango da. Denetariko piezak entzuteko aukera izango da: Valcarlos, Mozartek piezen aukeraketa bat eta herri kantak, tartean.