Emakumeenganako indarkeria gaitzesteko adierazpen instituzionala onartu zen Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 29a, 01:00

AZAROAREN 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan da. Ostegunean izan zen Plenoan, gaiaren inguruko adierazpen instituzionala onartu zen, aho batez. Adierazpenean Udalak konpromisoa hartzen du «indarkeria matxistak eragindako gaitz sozialaren aurka lanean jarraitzeko». Bide horretan Udalak konpromisoa hartu du «berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika, aktibo, osoa eta koordinatua» garatzeko. Horrekin batera adierazpenean aipatzen da, gai honen inguruan egiten diren ekintzak emakumeen automia bermatu behar dutela, eta ekintza hauek «emakumeen eta gizonen berdintasunean oinarritutako kultura baterantz bideratu behar» direla. Bukatzeko, adierazpenean, dei berezia egiten zaie herriko gizonezkoei «emakumeenganako indarkeriaren aurka konpromiso aktiboa har dezaten, eta gaur egun gizartean zabalduta dauden jarrera sexistak zalantzan jartzeko».

Tabernen ordenantza
Duela gutxi onartu da taberna, kafetegi eta antzeko jarduerak kokatzeko ordenantza. Atzoko Plenoan aldaketa txiki bat gehitu zen ordenantza berrian. Ordenantzak taberna eta kafetegiak talde ezberdinetan sailkatzen ditu. Laugarren taldeko jardueretan sartuta daude: musika ekipoak erabiltzeko baimena dutenak, dantza pista dutenak eta zuzeneko ekitaldiak antolatzeko baimena dutenak. Ordenantzak zioen jarduera hauen arteko distantziak ezin duela 200 metro baino gutxiagokoa izan, lurzoru urbano/urbanizagarri edo residentzialetan kokatuta daudenean. Plenoan onartu zen aldaketak dio, arau honek ez diola eragiten, ordenantza hau onartu aurreko jarduerei. Aldaketa hau ere aho batez onartu zen.

Santa Barbarako harrobia
Santa Barbarako harrobian bete lanak egin eta parkea eraikitzeko lanak ere adjudikatu ziren, behin betiko. Lanak, Campezo Construcción S.Ak egingo ditu. Asmoa da inguruko obretako hondakinekin betetzea harrobia, horregatik kanon bat kobratuko du enpresak. Diru horrekin finantzatuko dira harrobian parkea egiteko lanak. Puntu hau aho batez onartu zen.

Izatezko bikoteak
Izatezko bikoteen inguruko adierazpena ere onartu zuen Udalak. Herritar batek Udalari eskatu zion konpromezua hartzeko izatezko bikote eta bestelako bikoteen artean legalki ezberdintasunik ez izateko. Udalak idatzi bat osatu du, eta konpetentzia duen instituzioei eskatu die, legeak moldatzeko egungo gizartean dauden bikote eredu ezberdinetara.

Udaleku irekietako tasak
Datorren urteko udaleku irekietako tasei buruz ere hitz egin zuten Plenoan. Erabaki zen, igoera ez egitea prezioan, izan ere datorren urtean udaleku irekiek egun gutxiago izango baitituzte.

Udal lan hitzarmena
Udalitz 2008-2010 Udal Lan Hitzarmena ere onartu zen Plenoan, Gobernu taldearen eta EBren aldeko botoarekin. Gainerako alderdiek aurka bozkatu zuten

Udaletxeko logotipo berria Galderen tartean, Iñaki Arratibelek, EAko bozeramaileak, Udaletxeko logotipo berriaren inguruko puntu bat sartzea eskatu zuen. Adierazi zuenez, Udaletxeak logotipo berria erabiltzea Plenoan erabaki behar da eta horrela izan ez denez, logotipo berria ez erabiltzea exijitu zuen. Alkateak adierazi zuen gaiaren inguruko txostena eskatuta dagoela eta txostena izan arte itxaron behar dela. PSE-EE eta EAJ-PNVko ordezkariek ere bere desadostasuna adierazi zuten. Bi alderdietako kideek esan zuten gainerako alderdiei ez zaiela gaiari buruz ezer komentatu eta prentsa bidez jakin dutela logotipoaren berri. Horrez gain, logotipoa egiteko lanak adjudikatzeko prozedimendua behar bezala egin ez dela adierazi zuten. EAk proposatutako puntua gai ordenean sartzea bozkatu zen segidan. EBko zinegotzia abstenitu egin zenez, berdinketa izan zen bozketan. Alkateak kalitateko botoa erabili zuen eta puntua ez zen aurrera atera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!