Duela ehun urte izan ziren Euskal Jaiak berreskuratuko ditu Udalak eta garaiko argazkiekin egutegia egin du

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 28a, 01:00

2009ko irailean ehun urte beteko dira Hernanin Euskal Jaiak izan zirela. XIX mende erdialdean hasi ziren Euskal Herriko herri ezberdinetan Euskal Jaiak edo Fiestas Eúskaras delakoak egiten, eta Hernanin, 1909ko irailean egin ziren. Ospakizun haundia izan zen ordukoa, bai azpiegitura aldetik, bai gerturatu zen jende kopuruarengatik, eta baita antolatu zen ekintza eta egitarau zabalarengatik. Udalak festa hori berreskuratu nahi du, bere mendeurrenean, eta hori dela eta, datorren urteko irailean ospatuko da.

Egutegia eskuratzeko aukera
Mendeurrena girotzeko, 2009ko egutegia orduko argazkiekin osatu du Udalak, eta atzo aurkeztu zuten prentsaurrean, Idurre Lucas Kultura zinegotziak eta Marian Beitialarrangoitia Alkateak. Nahi duenak gaurtik aurrera egutegia eskuratzeko aukera izango du, debalde, udaletxean.

Euskal Jaiak berriro ere datorren urtean
2009ko irailaren 18, 19 eta 20an du asmoa Udalak Euskal Jaia egiteko. Duela 100 urte ere egun beretsuetan ospatu ziren Euskal Jaiak, irailaren 18tik 21era. Egun haietan izan ziren ekintzak oinarri hartu eta asteburuko festa egitea da asmoa. Garai hartan, besteak beste, honako ekintzak izan ziren: abere eta barazki lehiaketa, Udal Musika Bandaren kontzertua, literatur solasaldia, Donostiako Orfeoiaren emanaldia, danborrada, bertsolariak eta su artifizialak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!