IÑAKI Arratibelek, Hernaniko Eusko Alkartasunako idazkariak, desadostasuna adierazi du EAko Euskadiko Batzorde Eragileak (EBE) hartutako azken erabakiaren aurrean. EAko erakunde gorena den EBEk erabaki du datorren urteko martxoan izango diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan bere kabuz aurkeztea, hau da, EAJ-PNVrekin koalizioa ez osatzea.
Iñaki Arratibelek azaldu du ez dutela erabakia onartzen, ezta esatea ere alderdikideei kontsulta egin zaiela: «Ez Hernaniko Batzorde Eragileari, ezta bere batzarrari ere, ez zaie galdetu» azaldu du eta erabakia «oker politikotzat» jo du.
Bukatzeko dio, ez dagoela ados «Ezker Erradikalarekin batean marko politiko berri bat osatzearen alde» egin diren adierazpenekin. Iñaki Arratibelek azaldu duenez, «historian zehar eta gaur egun, gure instituzio demokratikoak defendatu izan ditugu (Eusko Jaurlaritza, Diputazioa....) inguru horretatik etorri diren erasoen aurrean». EAko idazkariak gaitzetsi egin du «gure pentsamenduen aurkako baloreak bultzatzen dituen mugimendu batengana gerturatzeko edozein ahalegin».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!