Emakumeenganako indarkeria salatu zuten herritarrek Plaza Berrin izan zen kontzentrazioan

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 27a, 01:00

EMAKUMEENGANAKO indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna izan zen asteazkenean, azaroak 25. Hernanin, egun honen inguruko ekintzak Hernaniko Berdintasun Sailak, Berdintasun Kontseiluak eta Gizon Taldeak antolatu dituzte. Aurtengo kanpainaren leloa Nik emakumeenganako indarkeriari ez. Eta zuk? da eta bereziki gizonezkoei dago zuzendua. Aurtengo helburua da, gizonek tratu txarren aurrean konpromezua hartzea, «ez baitira emakumeen arazoa bakarrik».

Ekintza ugari
Egunaren inguruan, ekintza ugari antolatu dira; asteazkenean, Emakumeenganako indarkeriarik EZ lemapean, jende mordoska bildu zen Plaza Berrin egin zen kontzentraziora. Gaurkoan berriz, Kalean uso, etxean otso dantza ikuskizuna izango da Biteri kultur etxean. Ikuskizuneko protagonista tratu txarrak jasandako emakumea da, eta bere esperientziaren inguruan egingo du dantza; tratu txarrak sufritu dituzten emakume gehiagok ere parte hartuko dute. Ikuskizuna hiru emanalditan banatuko da: 12:00etan eta 14:30etan ikastetxeetako gazteentzat; 19:00etan herritar guztiei zuzendua. Bestalde, Tratu onak sustatuz kanpaina ere ari dira egiten, herriko ikasleak tratu onen onuraz jabetzeko. Kanpaina DBH-ko gazteei dago zuzendua eta herriko ikastetxe gehienek hartu dute parte.

Kartel ikusgarriak balkoietan
Kanpainarekin batera, egunotan kartel koloretsuak banatu dituzte etxeetan. Helburua zen, herritarrek beren etxeko balkoietan jar-tzea, tratu txarren aurkako daudela adierazteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!