Artisauen lanak, abereak, barazkiak eta ekintza kulturalak larunbatean Goizuetako ferian

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 26a, 01:00

GOIZUETAN ekintza kulturalak antolatzen ari dira azaroan zehar. Ekintza hauen artean, herrian eta inguruan hain estimatua den feria eguna izango da larunbatean (ez igandean). Ostiralean, aldiz, Amona Lurdesen botika-ukendua egiten ikasiko dute, 19:30etan Umore Ona Elkartean.

Feria bosgarren urtez jarraian
Feria garai batean egiten zen, baina egiteari utzi zioten. Duela bost urte hasi ziren berriro ere antolatzen eta sekulako arrakasta lortu zuen. Larunbatean ere jende dexente bilduko dela espero da, artisauen lanak, Goizuetako eta inguruko baserrietako abereak, barazkiak eta bestelakoak ikusi, dastatu eta erostera.

Postuez gain ekintza ugari
Postuez gain ekintza ezberdinak izango dira goiz eta arratsaldean, feriaren bueltan. Goizeko 10:30ak aldera ardiak jetziko dituzte gazta egiteko. Goizeko 11:00ak aldera, sagardoa nola egiten den erakutsiko dute. Eguerdiko 12:00ak aldera Goizuetako soro batean gorotza zabalduko dute, garai batean egiten zen bezala, hau da, gorotzez betetako saskia buruan hartuta. Segidan, harri zulatzaileek erakustaldia egingo dute Plazan. Halako egun batean, desafiorik ezin zen falta noski: aizkoran, Goizuetako Exkurra eta Aritz Zubirik desafioa egingo diote Joseba Otaegi aizkolari profesionalari. Goizuetako gazteek 3 enbor moztu beharko dituzte eta Otaegik 2. Ia zeinek bukatzen duen lana lehenago.

Bazkaria eta berbena
Bazkaria ere antolatu dute larunbaterako, guztira 400 pertsona biltzea espero dute. Txartelak salgai daude Amaia kafetegian eta gaur da azkeneko eguna. Bazkalondorenean, Bide Batez taldearekin berbena izango da.

Gauean poteoa
Ilunabarrean, Gazte Asanbladak antolatuta, malabareak izango dira suarekin. Egarria asetzeko, batukadarekin poteoa ere izango da, eta nahi duenak parrandan jarraitzeko aukera izango du goizaldera arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!