Batzar Nagusietako Lehendakariak Hernaniren izaera eta ondare kulturala azpimarratu zituen, atzo prentsaurrean

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 26a, 01:00

GIPUZKOAKO batzar Nagusietako autobusa herriz herri dabil eta Hernanin da joan den ostiraletik. Atzokoan, Batzar Nagusietako Lehendakaria, Rafaela Moreno, izan zen autobusa aurkezten eta Batzar Nagusien berri ematen. Harekin batean izan ziren PSE-EE, EB, EA eta PP alderdietako udal zinegotziak. Rafaela Romerok prentsaurrean azpimarratu zituen Hernaniren izaera propioa eta herriko ondare kulturala: «Hernani izaera propioa duen herria da, nahiz eta Donostia ondoan izan, ez da lotarako bakarrik erabiltzen den herria. Hernani herri berritzailea da, langilea, bere ondare kulturalarekin arro dagoena». Bukatzeko, azken egunetan izandako euriteak aipatu zituen. Erreka ubidetik atera dela eta honek ekarri dituen kalteak konpontzeko borondatea adierazi zuen lehendakariak. Gai honetan konpetentzia duten erakundeei eskatu zien euriteek sortu dituzten arazoak konpontzeko, herria normaltasunera itzuli dadin.

Batzar Nagusiak ezagutarazi
Rafaela Romero lehendakariak adierazi zuen autobusaren helburua dela herritarrek Batzar Nagusiak ezagutzea, «azken finean, Batzar Nagusiak dira Gipuzkoako Parlamentua; herritarren borondatea islatzen duen instituzioa». Horrekin batera azaldu zuen, Batzar Nagusiek Hernaniko herriarekin bat egin nahi dutela, eta nahi luketela Hernanik ere Batzar Nagusiekin bat egitea: «nahi genuke herritarrek ezagutzea haiek ordezkatzen dituen instituzioa eta bera eraikitzen laguntzea». Autobus ibiltariaren bidez horixe lortu nahi dute, Batzar Nagusiak zer diren eta zer lan egiten duten erakustea. Autobusa ezagutu nahi duenak bihar izango du azkeneko aukera.

Udaletxean ere izan ziren
Prentsaurrekoa emateaz gain, udaletxean bildu ziren Batzar Nagusietako Mahaia osatzen duten ordezkariak eta lehendakaria bera. Udaletxea ezagutu eta bilera bat egin zuten.


Alkateak azalpenak eman ditu prentsaurrekoan izan ez zela eta
MARIAN Beitialarrangoitia Alkateak, atzoko Batzar Nagusietako prentsaurrekoan izan ez zela eta, honen zergatia azaldu nahi izan du, ohar labur baten bidez. Alkateak honakoa adierazi du: «Batzar Nagusiek herrialde osoa ordezkatzen ez duten neurrian, gizarte sektore garrantzitsu bat ordezkaritzarik gabe dagoen neurrian, nik ez diet zilegitasunik ematen Batzar Nagusiei, eta hortaz ez dut demokrazia gabezia hain nabarmena duen instituzio bat defendatuko». Horrekin batera azaldu du Batzar Nagusietako ordezkariei biltzeko udaletxeko bilera gela utzi zitzaiela eta Alkate bezala bi hitz egin zituela haiekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!