Kontzentrazioa izango da gaur Plaza Berrin, emakumeenganako indarkeriaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 25a, 01:00

EMAKUMEENGANAKO tratu txarren aurkako nazioarteko eguna da gaur, eta kontzentrazioa izango da Plaza Berrin, arratsaldeko 19:30etan. Antolatzaileek egunotan banatutako kartel koloretsuak etxeetako leku ikusgarrietan jartzea eskatu dute. Egun honen bueltan, Hernaniko Berdintasun Sailak eta Kontseiluak hainbat ekintza antolatu ditu. Aurtengo kanpainaren leloa da Nik emakumeenganako indarkeriari ez. Eta zuk? eta bereziki gizonei dago zuzendua. Horregatik, gaurko kontzentraziora herritar guztiak deitu dituzte, baina bereziki gizonak; aurtengo helburua baita, gizonek tratu txarren aurrean konpromezua hartzea.

Hainbat ekintza
Gaur izango den kontzentrazioaz gain, egun honen bueltan beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Herriko ikastetxe gehienetan esaterako, DBH-ko gazteekin, Tratu onak sustatuz kanpaina ari dira egiten. Bestalde, ostegunean Kalean uso, etxean otso dantza ikuskizuneko protagonista tratu txarrak jasan dituen emakume bat izango da. Ikuskizunean tratu txarrak jasandako emakume gehiagok ere hartuko dute parte eta guztira hiru emanaldi izango dira: 12:00etan, 14:30etan eta 19:00etan. Ekitaldiak herritar guztiei daude zuzenduak eta debalde izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!