Urumea ibaia atera egin da Landaren, eta alerta egoera dago asteazken arte

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 25a, 01:00

EURIA eta haizea dira nagusi azken egunetan Hernani eta Euskal Herri osoan, eta Eusko Jaurlaritzak alerta egoera piztu du.


Landare eta ibai inguruko baratzak urak hartu ditu
Atzo eta aurreko egunetan euria etengabe egin du eta Urumea ibaia atera egin da herriko zenbait puntutan. Ereñotzuko kontrol gunean ura 1,50 metrotik pasatzen bada, alerta egoera izaten da, eta atzokoan 1,90 metrora iritsi zen. Eguerdiko 13:00ak inguruan, dagoeneko urak hartuta zituen Landareko errugbi zelaiak. Karabeleko zubi inguruko baratzak ere, urez estalita zeuden ordu horretarako. Hala ere, egunik okerrena atzokoa izatea espero zen eta gaur eta bihar eguraldiak baretzeko joera izango du, oraindik euria egingo duen arren.


Udalaren mezua
Uholde arriskua duten lekuetan Udalak babeserako neurriak eman dizkie herritarrei: kotxeak erretiratu eta leku altuetan aparkatu, komunikabideetako informazioa kontuan izan, ibaiaren eboluzioari segi, eta harrapatua geratuz gero Udaltzaingora deitu (943248900).


Añarbek gainezka egin zuen
Egun hauetako euriteen ondorioz, Añarbeko urtegia ere bete betea dago eta atzo goizaldeko 03:30etan gainezka egin zuen.


Azken 30 urteetako azarorik euritsuena
Badira aste batzuk egunak zeru ilun eta euritsuarekin hasi eta bukatzen direla; eta hori ondoen Añarbeko Urak S.L-ek emandako azken datuetan ikus daiteke. Ostiralean, larunbatean eta igandean guztira 156 litro euri egin zituen eta azaroan 402 litro egin ditu; azaro normal batean 233 litro inguru egiten ditu, beraz, %172,5 litro gehiago egin ditu. Joan den urteko udazken eta neguarekin konparatuta, aurtengoa askoz euritsuagoa ari da izaten. Urritik otsailera guztira 646 litro ur bota zituen. Aurten berriz, azaroa bukatu aurretik kantitate hori berdindu da, urrian eta azaroan dagoeneko 640 litro ur bota baititu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!