«Gailurra muturraren aurrean izanda ere, atzera egitea erabaki genuen; hil edo biziko erabakia zen»

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 23a, 01:00

DAVID Rufo Hernanin bizi den errenteriarra Txiletik bueltan etorri da duela gutxi, sekulako esperientzia bizi ondoren. Guztira 11 egun pasa ditu espedizioan eta helburua zuen, beste hainbat kiderekin batean, munduko sumendirik altuena igotzea, hau da, Andeetako Ojos del Salado (6.893 m.). David Rufok bidaian zehar bizitakoak kontatu dizkio Kronikari. Txilera iritsi eta egun pare bat egin zituzten alberge batean. Eramandako materiala eta probisioak errepasatu ondoren, 4X4 bat alokatu zuten, mendikaterantz abiatzeko. Aurreneko gaua 3.750 metrotan pasa zuten, 0 azpitik 3 bat gradutara. Hurrengo egunean, 4X4an kanpamendu nagusira abiatu ziren; 4.250 metrotara jarri zuten kanpamendua. Egun batzuk egokitzen pasa ondoren, martxan jarri ziren eta Ojos del Salado igotzeko bideari ekin zioten. David Rufok azaldutakoaren arabera, egun horietan 100 km/h-ko haizea ibili zen inguru horietan. Azaldutakoaren arabera, «egun horietan ikusi zuten igo beharreko mendiaren indarra». 5.200 metrotara iritsitakoan baldintzak asko gogortu zirela adierazi du Rufok: haize zakarra eta -15 ºC baino tenperatura hotzagoak. Bigarren kanpamendura iristerakoan, 5.760 metrotan, oxigeno falta nabarmentzen hasi zen, erabat. Bertan jakin zuten eguraldiak okerrera egingo zuela hurrengo egunetan. Egun falta zela eta, igoera aurreratzea erabaki zuten. 6.519 metrotan tenperatura muturrekoa zela azaldu du Rufok, termometroak «25 ºC zero azpitik markatzen baitzuen». Puntu horretan gailurra muturraren aurrean izan zuten, baina atzera egitea erabaki zuten. Igoera asko sufritutakoa izan zela azaldu du Rufok, baina zer ikasia ere izan dutela aipatu du. Bukatzeko Ibai Mendi dendari eskerrak eman dizkiote emandako laguntzarengatik.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!