UNAI AGIRRE
Esan liteke bizikleta txintxilikatu duzula?
Guztiz ez, baina ia ia seguru baietz. Egoera oso beltza dago eta ni ari nintzen ekipoak ez du jarraipenik izan. Hori zen nik neukan irtenbide bakarra eta ikusita beste zerbait bilatzea ia ezinezkoa dela, bizikleta zintzilikatzea tokatu zait.
Lau denboraldi eginda, agian goizetxo da erretiratzeko?
Alde batetik bai eta pena ematen dizu, hobera zoazenean utzi beharrak. Hobekuntza hori urteek ematen dute eta pena txiki hori izaten da barruan, progresio hori norainokoa izan zitekeenaren zalantza. Baina ni pozik nago lau urte hauetan jende onarekin korritzeko aukera izan dudalako.
Baina sasoi puntu onenean utzi beharrak, amorru puntu bat ere emango dio kirolari bati...
Amorrua ematen du ez jakiteak noraino iristeko gai izango nintzen eta nik uste dut oraindik hobetzeko tarte txiki bat badaukadala, denborak ematen dizun hobekuntza marjen hori. Baina zalantza hori ona eta guzti izan liteke, barruan geratzen da.
Eta egoera hain beltz al dago ba?
Bai oso beltz dago. Txirrindulari asko dago nire egoera berdinean, txirrindulari onak gainera, urruti joan gabe gure taldean aritu den Aitor Perez bera, denboraldi oso ona egin du eta talde gabe dago, edo Mikel Gaztañaga, edo beste hainbat… jende oso ona dago talderik gabe eta horiek ikusita nik oraindik eta beltzago ikusten det.
Aspalditik dator hau, baina aurten gure taldea desagertu da, Murtziako taldea kolokan dago… desagertutako taldeetako jendea libre geratzen da eta beste leku bat bilatzen dutenak oso gutxi dira.
Zuentzat ezezik, ProTour-eko taldeentzat ere garai zailak izango dira?
Agian ProTour-ekoentzat ez hainbeste, baina egia da plantilak txikitu egin dituztela horiek ere. Eta talde txikiak desagertu eta haundiek plantilak txikituta, txirrindulari mordo bat dago ekiporik gabe. Gainera, ProTourrak dakar, ekipo txikiek ez dutela beren aurrekontua justifikatzeko adina karrera garrantzitsu. Gure kasuan, aurten Espainiako Vueltan parte hartzeko aukera izan bagenu, babesleekin izan ditugun arazoak ez genituen izango eta gure taldeak aurrera jarraituko luke. Zure salbazioa izango zena kendu egiten dizute eta babesleek ez dute dirurik jarri nahi.
Hiru denboraldi Orbean, eta azkena Extremaduran. Zer moduzko esperientzia?
Guztia izan da positiboa, baina agian azken urte hau gogorragoa izan da, konpetizioan zentratu beharrean, babesleei begira ibili baikara. Extremadurako juntaren laguntza ziurtatua genuen, baina bestea ez, eta horrek eragina du konpetizioan ondo ez zentratzeko. Orbeako hiru urteak oso onak izan ziren, jende oso ona, etxean korritzen duzu… gainera saltoa emateko aukera eman zidan taldea izan zen eta oso harreman ona izan dugu bertan.
Eta jarraitzeko aukerarik ez zen?
Teorian talde Continentalak dira afizionatuetatik profesionaletara salto egiteko erdiko maila bat. Hiru urte egin genituen eta ez dut izan beste talde batera joateko aukerarik; beste batzuek izan dute. Hiru urte eta gero errelebo bat ematen dute eta niri oso ondo iruditzen zait, nik izan dudan aukera beste batzuk ere izatea. Arazoa da hurrengo saltoa oso zail jarri dela gaur egun.
Txirrindularitzan leku bat egiteko bi hanka on ez ezik, entxufe ona ere beharko da?
Bai, gizarteko beste alorretan bezalaxe, eta beste lanpostuetan bezalaxe. Badira merezi dutelako dabiltzanak eta laguntza izan dutelako dabiltzanak. Laguntza duenak beti bide errazagoa du.
Zure buruari esatera iritsiko zinen, onenekin ibili zintezkeela?
Bai, beraiekin lehian ibili naiz behintzat, gero beraiek aurretik ibilita ere. Etapa bat irabaztea ere lortu dut eta postuak egin ere bai, baina berrehunetik bakarrak errematatzen du eta zaila da. Baina benetan gustatuko litzaidakeena da nibelik goreneko karrera batean lehiatu eta hor irabazi edo ondo ibili ahal izatea.
Peña bat ere izan duzu atzetik. Horrelako babesa garrantzitsua al da?
Eskertzen da. Karrera batera joan eta kurba batean edo mendate batean Peñakoak ikusteak ilusio haundia egiten du, eta bultzatzen dute. Eta peñakoak ez diren ezagunak ikusteak ere bai, batzuetan harritu egiten zara eta ilusioa egiten dizu.
Palmares pixka bat osatzen joan zara. Horrekin joan beharra ez da erraza izango?
Bai, amorru pixkat eta aurretik esan dizudan galdera hori izaten da buruan: `noraino iritsi ote nintekeen?`. Batzuetan zerbaitegatik zugan fijatu liteke talde bat, edo fijatu liteke eta ezin dute ezer egin, edo ez dira fijatu ere egiten. Mila zirkustantzia daude.
Txirrindularitzak desprestigio garaiak bizi ditu. Kanpoko eragina nabarmena da, baina txirrindulariek ere izango dute kulparen parte bat...
Denaren eragina da, kulpa guztiok daukagu. Azaldu diren kasuak hor daude, inork ez balu ezer hartu ez zen ezer gertatuko. Baina gizarteko arazo bera da, gizartean gertatzen den bera gertatzen da txirrindularitzan.
Horren aurrean txirrindulariak batu ere ez zarete egin.
Hori egia da, baina oso zaila ere bada, momentu bakoitzean bakoitzak bere interesak ikusten baititu. Karrera batean bat lider badijoa esango du, `ni lider nijoa eta garbi` eta ez du plantorik egingo, adibidez. Bizitza guztia sakrifikatu duzu eta gorenean zaudenean ezetz esatea oso zaila da. Zerbait egitezkero, denboraldi hasieran ikusi beharko litzateke gauzak nola egin.
Nahi edo nahi ez, dopinaren inguruko kontuak egunero entzun beharko dituzue?
Bai eta normala da, komunikabideek horixe saltzen baitute, karrera bat nork irabazi duena baino gehiago, beste kasuak atera direlako. Gero jendeak kalean hori galdetzea normala da, baina askotan ezagutzen ez zaituen jendeak horixe besterik ez dizu galdetzen, eta nik nahiz eta garrantzia haundiegierik eman ez, horrek erre egiten du. Txirrindularitzan dopin kasu asko atera dira, besteak beste, beste kiroletan baino jarraipen zorrotzagoa dagoelako eta harrapatzeko sistema aurreratuenak bertan erabiltzen direlako. Beste kirol batzuetan paso egiten da.
Goiko kategoriatan jarraipen hain estua eginda, zuei ere iritsiko zitzaizuen eragina?
Bai, bai. Kontrolak denok pasa behar izan ditugu. UCI Pro-tourrekoak beste sistema bat dute, Adams deiturikoa eta medikuak 24 orduz gainean dituzte. Gu ez gara hori izatera iritsi, besteak beste, dirurik ez dugulako. Sistema hori jartzea, txirrindulariko 7.000 euro kostatzen da urtean, eta UCI-Pro Tourreko lasterketak korritzeko Adams sistema aplikatu behar da. Guk ere, deitzen ziguten momentuan anti-dopina pasatzera joateko prest egon behar genuen. Pentsa gauza zer mugatara iritsi den.
Momentu honetan infantil edo kadete mailan dabilen txirrindulari bati zer gomendio emango zenioke?
Gustatzen zaiona egiteko. Gauza hauei ez kasurik egiteko esango nioke, bizikleta gustatzen bazaio emateko gogor. Denborarekin erabakiko du zer egin. Bizikleta oso polita da: ikusi besterik ez dago zenbat zikloturista eta afizionatu dagoen. Txirrindularitza polita da eta bizikletan disfrutatu egiten da, eta konpetizioz kanpo gehiago. Bizikletan paseo bat ematea gauza ederra da.
Azken lau urteak bi gurpilen gainean pasata, zer egingo du orain Xabatek?
Buruan horixe darabilkit, baina ez daukat presarik. Pentsatu eta gero ikusiko det nondik nora mugitu.
Musika eta argazkilaritza asko gustatzen zaizkizula jartzen du zure web orrian. Horiei denbora gehiago dedikatzeko modua izango duzu orain?
Bai, bai. Hala ere ni beti atera izan naiz kalera, kontzertuak ikustera joan... Konpetizioak askotan behartzen zaitu etxean egotera eta ez irtetera, eta egia da orain lasaiago irtengo naizela, hainbeste zaindu beharrik ez dudalako.
Benetan hainbeste zaindu beharra dauka kirolari profesional batek?
Bai zaindu behar da. Zu zaintzen zaren guztia eta zuk entrenatzen duzun guztia emaitzatan ikusi egiten da. Gero pertsona bakoitza da muga jartzen duena, eta ni ez naiz izan zaintze hori estremo batera eraman duena. Zaindu naiz zaindu behar izan dudana, baina beste gauza batzuetan libreago izan naiz; bestela agian buruak ez zidakeen txirrindularitza munduan hainbeste denboran ibiltzen utziko.
Konpetizioa utzi arren bizikletan ibiltzen jarraituko al duzu?
Euririk egiten ez badu seguru. Denboraldia nahiko nazkatuta bukatu nuen, eta ordutik, ibili-ibili behin ibili naiz, baina ari zait gogoa sartzen, baina paseatzera ateratzeko. Seguru denborarekin gogo gehiago sartuko zaidala. Ez det uste hala ere Quebrantahuesos eta horrelakoetan ikusiko nauzuenik, bizikletan ibiltzen banaiz lasai ibiliko naiz. Kontradiktorioa ematen du, baina ez naiz erraz pikatzen den horietakoa.
«Irabazi nuen karreran gogoan dut ihes egin nuela, bakarrik nijoala eta meta ez zela iristen»
Denboraldiz denboraldi azter dezagun ibilbidea. Nola oroitzen duzu debuteko denboraldia?
Berezia, eta gogorra. Ilusio haundiarekin ekiten diozu denboraldiari. Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen zara, baina emaitzak ez dira lortzen. Badakizu oso zaila dela, eta gogotik entrenatzen duzu, baina karreran jende oso onarekin batean korritu behar duzu, kristoren errepasoak ematen dizkizute eta ostia asko jasotzen dituzu. Ikasteko urte bat da, oso polita.
Bigarren denboraldia?
Hobea, hobekuntza nabaritzen duzulako. Karrera batzuetan aurrerago sartzen zara, eta muturra sartzen hasten zara; horrek ilusio haundia pizten dizu.
Hirugarrena?
Konfidantza gehiagorekin hasten zara. Hor beste hobekuntza bat nabaritu nuen nik, karrera bat irabazi nuen eta postu on asko egitea ere lortu nuen. Hirugarren hori izan da nire urterik onena: batetik urteetan ikasten duzunagatik eta bestetik sasoi puntua ere onenetan delako.
Eta azkeneko hau?
Arraro xamarra. Urtarrilean talde gabe geunden; fitxatu eta firmatu genuen eta taldea desagertu egin zen, babesle batek atzera egin zuelako. Airean geratu ginen eta guk proposatu genuen elkartasuneko txirrindularitza kontu hori, taldea salbatu ahal izateko: alegia bigarren babeslearen hutsune hori txirrindulariek gure gain hartu genuen, ateratzen ez bazen hilabete batzuk kobratu gabe geratzeko konpromezuarekin. Horrekin prestaketa ere eten egin genuen, talderik gabe geundenean nik behintzat nazkatuta utzi egin nuen prestaketa. Gero berriz hasi behar duzu prestatzen konpetizio atarian, eta kontrako hankarekin hasi nuen denboraldia, guztiz zentratu gabe. Garai hobeak izan ditut eta karrera batzuetan ondo ibili naiz, baina ez da aurreko urteetako sentsaziorik izan. Dena okerka hasi zen eta burua erabat zentratu gabe.
Ibilbide honetan zerekin geratzen zara?
Profesional mundua ezagutu izanarekin eta egin ditudan lagun guztiekin; momentu on asko izan dira entrenamentuko eta karrerako lagunekin. Ikusi dut profesional mundua zer den, eta probatzeko aukera izan dut. Nik zortea izan dut, txirrindulari askok nahiko luketen zortea.
Eta zer utziko zenuke aparte?
Txindularitzari buruz entzuten diren roilo txar guzti horiek, kanpotik entzuten dituzun kontu txar guzti horiek, nazkatu egiten zaituzte. Jendearen %70ak ez dizu gauza onez galdetzen, gauza txarrez baizik. Horrek erre egiten zaitu eta hori ni oso txirrindulari xumea izan naizenik, pentsatu beste batzuk.
Grabatuta geratu zaizun momentu berezik?
Irabazi nuen karrera adibidez. Gogoan dut ihes egin nuela, bakarrik nijoala eta meta ez zela iristen. Eman eta eman eta tropela oso gertu nuen eta luzea egin zitzaidan. Lehen karreretako sentsazioa ere badut, telebistan ikusten dituzun izar horien ondoan zoazen momentuak, Bettini edo Ullrichen ondoan joatea adibidez.
Eta horien ondoan nola joaten da gazte bat?
Askotan begira. Beraiek beren roilora joaten dira, ez baitzaituzte ezagutzen.
Eta tropelaren barruko bizipen edo anekdota xelebreren bat izango duzu?
Bai. Zabelekin izan nuen bat gogoan dut. Errioxako bira batean, haize haundia zebilen eta haizetik babesteko kuneta aldera eramaten ninduten eta ia kunetan geundenean aurpegira begiratu eta itxi egin zidan bidea. Oso goian nuen txirrindulari bat geroztik kruzatua izan dut.