Santa Zezilia eguna da gaur, musikarientzako egun haundia. Santa Zezilia musikarien patroi bezala da ezaguna, eta horregatik, garai honetan musikariak ekitaldiz gainezka ibiltzen dira, lana eta afizioa tartekatuz. Egun honen bueltan, musika inoiz baino gehiago entzun ahal izaten da, bai egunean bertan eta baita aurreko eta ondorengo egunetan ere.
Hernani Musika Bandaren kontzertua
Gaurko eguna aprobetxatuta, Hernani Musika Bandak kontzertua emango du Udaletxeko arkupetan. Arratsaldeko 19:30etan hasita, guztira sei obra joko dituzte, Cipri Otxandorena zuzendariaren gidaritzapean. Musikari guztientzat bezala, Hernaniko Musika Bandarentzat ere egun oso berezia izaten da; Otxandorena zuzendariak adierazi duenez «egun berezia izaten da guretzat, Musika Bandak Santa Zezilia eguneko kontzertua existitzen denetik egiten baitu. Urriaren erdialdean hasi ginen kontzertu hau prestatzen».
Esan bezala, sei abestitako kontzertua izango da eta aurtengoan ere era guztietako abestiak entzun ahal izango dira, Cipriren esanetan «normalean kontzertu bariatua egiten saiatzen gara, era guztietako piezak sartuz». Gaurko kontzertuan esaterako entzun ahal izango da besteak beste, abesti euskaldun bat, pasadoblea eta pelikula bateko soinu banda.
Kontzertua hasi aurretik, eguraldiak laguntzen badu, bandakoek kalejira egingo dute, 18:30ak aldera. Ondoren, Udaletxeko arkupetan entzun ahal izango diren piezak honakoak izango dira: Joaquin Ortega ´Canario` musikari eta konpositore hernaniarraren Berroetatarrak kanta, kontzertuan bandak estreinatuko duena; Honrando a Navarra abestia Julio Nuñez musikagilearena; Pablo Sorozabalen La del manojo de rosas abestia; Dakota Jacob de Haanekena; Pirates of the caribbean soinu banda Ted Ricketssena; eta La dama de Amboto kantu euskalduna B. Zapirainena.
Parrokiko Korua biharko Meza Nagusian Santa Zezilia eguna dela eta, Parrokiko koruaren emanaldia izango da biharko Meza Nagusian; goizeko 11:00etan hasita Joan Bataiatzailearen parroki elizan. Hernaniko parrokiko korua herriko zaharrena da, XIX. mendekoa. Santa Zezilia eguna ospatzeko emanaldi berezia prestatu dute, aurten ere. Kontzertuaren ondoren koruko kideek bazkaria eta festa izango dute Astigarragan.