Hernaniri buruzko notizi eta erreportajeak, 2007-2008 urtekarian

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 22a, 01:00

ATZO arratsaldean aurkeztu zuten Hernani 2007-2008 urtekaria, Udaletxeko batzar aretoan arratsaldeko 19:30etan. Marian Beitialarrangoitia Alkateak adierazi zuenez «Aurtengo urtekarian bi urte bildu dira, iaz ez baitzen atera, baina asmoa da aurrenrantzean urtero ateratzea urtekaria, orain arte egin den bezala». Bestalde, Alkateak azpimarratu zuen urtekariaren bidez herriari buruz ikasten jarraitzeko aukera izango dela. Bukatzeko, urtekaria aurrera ateratzeko lan egin duten guztiak eskertu zituen; eta horietako bati, Iñaxio Sanzi, eskerrak emateko oroigarri bat eman zioten. Aurtengoan ere, urtekariak espektazio haundia sortu du herritarren artean; horren seinale da atzo Udaletxean izan zen aurkezpenera gerturatu zen jende kopurua.

Hernani eta hernaniarrak
Urtekaria Hernani eta hernaniarrekin zerikusia duten azken bi urtetako berri eta artikuluz osatua dator, zein baino zein interesgarriagoa. Gainera, hernaniarrek egindako lanari garrantzi berezia eman zaie. Aurtengoa Udaletxeko Kultura sailak eta Artxibo zerbitzuak argitaratzen duten 15. urtekaria da; kontuan izanda azken bi urteak urtekari berean argitaratuko direla.

Lehengo eta gaurko kontuak
2007-2008 edizio honetan agertzen diren erreportajeak oso ezberdinak dira. Alde batetik garai bateko Hernaniko kontuak ekartzen ditu gogora, eta bestetik berriz, puri-purian dauden gaiak agertzen dira. Liburuan agertzen diren erreportaje asko urteurrenei buruzkoak dira aurtengoan. Amagoia Etxeberriak, Miren Garciak eta Alfredo Monzzak esaterako Portu auzoko Ibarrolaburu plazak bete berri dituen 50 urteei buruz hitz egiten dute Urtekarian. Elur Txori eta Xalaparta elkartekoek beren 50 eta 25garren urteurrenei buruz idatzi dute. Hauetaz gain, besteak beste, Jose Maria Gonzalez Bastida Hernaniko Musika Bandako zuzendari ohiari buruzko erreportaje bat ere ageri da bertan; aurten jaio zela 100 urte bete baitira. Bestalde, urtekarian egunerokotasunarekin zerikusi zuzena duten kontuak ere topa ditzakegu. Esate baterako, Gurutze Amigorena Udal Turismo teknikariak idatzitako Turismoa Hernanin? Zergatik ez? artikulua; edo Amaia Iraola eta Mikel Zugastik idatzitako Hernaniar bat New Yorken erreportaia.

Gaurtik aurrera salgai
Hernani 2007-2008 urtekaria erosi nahi dutenek gaurtik aurrera izango dute aukera Leokadisti eta Elkar liburu dendetan. Urtekariaren prezioa 8 eurokoa izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!