Gizonei dei egin diete, tratu txarren aurka konpromezuak hartzeko

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 19a, 01:00

azaroaren 25ean emakumeenganako tratu txarren aurkako eguna izango da eta horren bueltan Hernaniko Berdintasun Sailak eta Kontseiluak eta Gizon taldeak hainbat ekintza antolatu dituzte. Guztien helburua da, behingoz tratu txarrekin bukatzea. Aurten bereziki gizonei dei egin diete, tratu txarren aurrean konpromezua hartzeko, tratu txarrak ez baitira emakumeen arazoa bakarrik.

Gizonen konpromezua
Aurtengo kanpainaren leloa honakoa da: Nik emakumeenganako indarkeriarik ez. Eta zuk? eta bereziki gizonei zuzendutako kanpaina da. Horregatik, azaroaren 25ean, Plaza Berrin egingo den kontzentrazioan parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak, baina bereziki gizonak. Kontzentrazioa arratsaldeko 19:30etan izango da.

Emakumeenganako indarkeriari ez
Datozen egunotan kartel koloretsuak banatuko dira etxeetan, morea. Antolatzaileek egun horretan kartelak etxeetako leku ikusgarrietan jartzeko eskatu dute, aldarrikapena kalean ikusteko.

Tratu onen alde ikastetxeetan
Azaroaren 25aren inguruko ekitaldiez gain, herenegun herrian berdintasunaren alde egiten ari diren hainbat ekimen ere aurkeztu ziren. Esate baterako, herriko ikastetxe gehienetan Tratu onak sustatuz kanpaina egiten ari dira, DBHko gazteekin, genero eta bizitzako harreman guztietan tratu onen onurei buruz hausnartzeko.

Etorkina eta genero indarkeriaren inguruko tailerra
Bestalde, aste honetan etorkinen eta genero indarkeriaren inguruko ikastaroa egiten ari dira Biterin. Bihar, goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara, emakume magrebiarren eta genero indarkeriaren gaia aztertuko dute, Maya Amrane adituarekin. Inork joan nahiko balu, saioa irekia izango da.

Gizonak ere indarkeriaren aurka
Gizonak ere genero indarkeriaren aurka daudelako, larunbat honetan, hilak 22, gizon taldeak biltzen diren herrietan, taldeak kalera aterako dira txandan-txandan. Autobus bat abiatuko da Irundik eta herriz herri Hernani, Zarautz, Ondarru eta Gasteizen geldituko da eta kontzentrazioa egingo dute. Hernanin, goizeko 10:30etan izango da, Plaza Berrin.

‘Etxean otso, kalean uso’
Azaroaren 27an, osteguna, Etxean otso, kalean uso dantza ikuskizuna eskainiko du tratu txarrak bere larruan jasandako emakume batek. Tartean tratu txarrak jasandako jende gehiagok ere parte hartuko du, bere esperientziak azalduz. Hiru emanaldi egingo ditu, goizeko 12:00etan eta 14:30etan ikastetxeetako gazteei eskainiak, eta arratsaldeko 19:00etan herritarrei eskainia eta doanekoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!