Euskeraz hitz egiteko laguntzaileak behar ditu Doberak

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 18a, 01:00

elkarri laguntzea da kontua: dakienak, hainbeste ez dakienari laguntzea, alegia. Halaxe dio Dobera Euskera Elkarteak banatu duen eskuorriak Gure artean euskaraz egitasmoa ezagutarazteko. Kontua da bere euskera maila hobetu edo nolabait landu nahi duen hiztuna eta euskal hiztunak elkartzea beren artean tertuliak, edo dena delakoak egiteko, lehenengoaren hizkuntza maila hobetzeko helburuarekin.

Laguntzaileen beharra
Kanpaina aspaldi hasia da eta dagoeneko euskera hobetu edo jorratu nahi duen hiztun mordoskak eman du izena, 25 lagun inguru. Orain tertuliakideak behar dituzte. Laguntzaile batzuk izena eman dute dagoneko, gehienak aurreko urteetan ere arituak. Baina oraindik gehiago behar dira. Gaur egingo da lehenengo bilera parte hartzaileekin eta bertan zehaztuko dira bikote, hirukote edo taldeak eta bakoitzaren erritmoa. Bilera gaur izango da, arratsaldeko 19:00etan, AEK euskaltegian (Larramendi 11, behea).

Edozeinek lagundu dezake
Laguntzeko ez da ezaugarri berezirik behar; euskeraz ondo egin eta laguntzeko prest egotearekin aski da. Beraz, inork parte hartu nahi izanez gero, bilerara joan besterik ez du, edo aurretik Dobera Euskara Elkartetik (Larramendi 11, behea) pasa, deitu (943 332 799) edo helbide elektronikora idatzi (dobera@dobera.com).

Norekin, non, noiz Gure artean euskaraz egitasmoaren funtzionamenduak ez du lan haundirik ematen. Gaurko bileran elkar ezagutu eta bakoitzak bere perfila eta prestutasuna azalduko ditu, zein tarte dituen geratzeko, alegia. Horren arabera norekin elkartu, non, noiz eta abar parte hartzaileek beraiek erabakiko dute.

Laguntzeko arrazoi franko eta bakoitzak berea Egitasmoaren helburu nagusia da euskeraz egin nahi eta aukera ez duenari laguntzea. Horrez gain, bakoitzak bere motibazioa du, esate baterako, euskera maila hobetu nahi dute batzuk, beste pertsona batzuei euskalduntzen lagundu nahi diete beste batzuk, euskal hiztunak ezagutu nahi dituzte beste batzuk eta abar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!