Urtero bezala, hutsik egin gabe, Mendizale Astea antolatu du aurten ere Mendiriz Mendi elkarteak. Ekitaldiz betetako astea izan da. Joan den ostiralean hasi zen, lehen sorospenei buruzko ikastaroarekin eta umeentzako antolatutako jaiarekin. Astelehenetik ostiralera bitarte hitzaldiak eta proiekzioak izan dira egunero, eta ez nolanahikoak. Jose Ramon Agirre Marronek parapentearen inguruko proiekzioa jarri zuen; asteartean Mikel Zabalzak berak eskalatutako bide batzuk erakutsi zituen; asteazkenean Alberto Iñurrategik espedizioen alderdi soziala aztertu eta duintasunez jokatu beharra azpimarratu zuen bere dokumentalean; ostegunean, herritarren egunean, Rafa Elorza eta Iñaki Zuza izan ziren protagonista eta ostiralean argazki lehiaketako argazkien aurkezpena eta sari banaketa egin zuten. Jende asko bildu da Mendizale Astearen bueltan antolatutako ekitaldietara. Erakusketa ere izan da, Suiseki harriena, ikusleak harrituta utzi dituena. Gaur Pagoeta-Gazume-Bidania mendi buelta egitera joango dira eta ondoren bapo bazkaltzeko asmoa dute. Horrela bukatuko dute aurtengo Mendizale Astea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!