Anfibio eta narrastien mundu ezezaguna ezagutzeko aukera Biterin

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 16a, 01:00

EUSKAL Herrian bizi diren anfibio eta narrastien inguruko erakusketa izango da Biteri kultur etxean. Erakusketa, Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu du Ramon Aranbarri argazkilari eta naturalistak egindako argazkiekin. Erakusketaren titulua, Anfibioak eta Narrastiak, aniztasuna eta kolorea da. Ikusi nahi duenak, aukera izango du azaroaren 19tik abenduaren 3ra, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Lehen egunean, azaroaren 19an, Aranzadiko kidea den Iñaki Sanz hernaniarra ere bertan izango da erakusketaren inguruko azalpenak ematen.

Erakusketaren ezaugarriak
Erakusketa 30-35 argazkiz osatu dute, bakoitza 50x70 cm-takoa. Argazkiak Lambda paper digitalean inprimatu dituzte, plastifikatuta eta aluminio beltzeko marko batekin inguratuta. Argazki bakoitzak testu bat izango du inguruan, bertan azaltzen den anfibio edo narrastiaren deskribapenarekin; testuak euskeraz eta gazteleraz irakurri ahal izango dira. Era berean, espezie bakoitzaren populazioaren berri ere ematen da fitxan; eta baita espeziea bizi den eremu geografikoaren berri ere. Euskal Herriko aniztasuna Euskal Herriak duen paisaia aniztasunaren ondorioz, izaki bizidun asko bizi dira bertan. Izaki bizidun edo animalia horien artean, erakusketan biltzen diren anfibio eta narrastiak daude. Bi espezie hauek betidanik piztu izan dute jakimina, baina hala ere, gaur egun arte, ezer gutxi ezagutzen zen hauen ohitura eta ezaugarri biologikoei buruz. Hori dela eta, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Ramon Arambarriren kamara medio, mundu hau gizarteari hurbildu nahi izan dio. Erakusketan, anfibio eta narrastien inguruko xehetasunak emateaz gain, etorkizunera begira, hauek bizitzeko izango dituzten zailtasunen berri ere ematen da.

Erakusketaren arrakasta
Erakusketa Hernanira iritsi aurretik, Euskal Herriko beste hainbat herritan ere izan da, orain gutxi esaterako, Errenterian. Bertan 822 lagun inguru izan ziren ikusten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!