«Gure asmoa da Hernanin ekipo txukun bat izatea eta herritarrak engantxatzea»

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 16a, 01:00

2006. urtean sortu zenuten taldea. Hau hirugarren denboraldia da. Egin balorazio txiki bat.
Balorazioa positiboa da. Hasteko, gure helburua ahalik eta maila altuenera igotzea da eta, behintzat, bi urtetan kategoria bat igotzea lortu dugu. Alde horretatik, ondo. Guk nahi duguna da Hernanin futbol-salako ekipo dezente bat egotea eta herritarrak `engantxatzea`.

Bi urteren ondoren nabaritu al duzue `engantxerik`?
Beno, aurten beste talde bat sortu da herrian. Bada zerbait. Gipuzkoako 3. mailan dago. Gu baino ekipo gazteagoa denez, hurrengo denboraldian gure filial bezela funtzionatzea nahi dugu. Eta asmoa hori da, pixkanaka goiko ekipoan gazteak erreleboa hartzen joatea.

Zergatik atera zenuten ekipoa?
Orain dela urte dezente jubenilen torneo baterako osatu genuen taldea. Gehienak futbolean aritzen ginen orduan. Gero, futbola uzten joan ginen gutxinaka, eta Urnietako areto-futbol torneoan parte hartzen hasi ginen talde honekin. Urte batzuen ondoren, pentsatu genuen salto bat egitea eta talde federatu bat sortu genuen Hernanin bertan. Gehienbat, lagun artean kirola egiteko, baina herrian bertan eta konpromiso eta konpetibitate maila batekin.

Eta Yone Boutique deitu zenioten taldeari.
Julen Giraldo: Yone Boutique nire aitaren dendaren izena da. Bera izan da beti patrozinatu gaituena eta horregatik izena. Urnietan hasi ginenetik izan dugu bere laguntza eta hau dagoeneko zazpigarren urtea da.

Diru aldetik baduzue bestelako laguntzarik?
Dendarenaz aparte, udaletxeko subentzioa daukagu, herriko kluben artean banatzen dena; talde kopuruaren arabera, jokalari kopuruaren arabera eta abar. Zenbat zarete ekipoan? Denak hernaniarrak? Zein edadetakoak? Aurten aurreko urteetan baino pare bat gehiago gara. 12 jokalari eta bi portero. Denak gara hernaniarrak, nahiz eta bat Urnietan bizi den. Eta adin desberdineko jendea daukagu; sartu berriak diren gazteenetatik hasita, lehenago inguruko herrietako ekipoetan aritzen ziren beteranoetaraino. Taldekide asko futbola utzi ondoren hasiak dira. Futbol-salarako adaptazioa, fisikoki edota taktikoki, nolakoa da? Badago jendea futbolean oso ona dena, baina gero, futbitoan nabarmentzen ez dena. Eta noski, alderantzizkoak ere ikusten dira. Bata eta bestea ez daude lotuta, eta egokitzea ere desberdina da bakoitzarentzat.

Zein da bien arteko diferentzia nagusia?
Batean zein bestean kualitate ezberdinak beharko dira... Ezberdinak dira. Futbolak fisikoa eta erresistentzia gehiago eskatzen du. Areto futbolak aldiz, azkartasuna, baloiarekin trebezia, esplosibitatea eta aldaketa etengabea. Hor berezitasun inportantea da futbitoan nahi adina aldaketa egitea posible dela, hortaz, deskantsurako tarteak egon daitezke.

Lehengo urtean oso denboraldi ona egin eta Gipuzkoako 2. mailara igo zineten. Moldatu al zarete kategoria berrira?
Hasieran baietz zirudien, baina oraintxe ez dakit. Ez da erreza; 2. maila da, baina lehenengo mailan egon behar luketen ekipo batzuk daude gure artean. Lehenengo mailan baldintza batzuk bete behar izaten dira: 21 urtez azpiko hiru jokalarik fitxa edukitzea, entrenatzaile bat izatea eta ostiraletan ez jokatzea. Eta baldintza horiek betetzen ez dituzten talde batzuk daude (30 urteko lagun koadrila batean ez dutelako nahi jokalari gazteagorik sartzea, edo ostiraletan jokatu nahi dutelako, edo mila arrazoirengatik). Hauei irabaztea zaila izaten da.

Aurtengo helburua bigarren urtez kategoria bat gehiago igotzea zela esan zenuten. Helburua betetzea zail ikusten duzue?
Espero baino talde gehiago egongo dira aurten igotzeko borrokan, baina gu nahiko maila txukuna ematen ari gara. Gerta daiteke, aurreko urtean aipatutako hiru baldintzak bete ez zituzten ekipoek datorren denboraldian ere ez betetzea. Posible da, adibidez, ligako lehenengo lau postuetan geratu direnak arrazoi batengatik edo besteagatik igo ezin izatea, eta ondoren geratu direnak `play off`-etarako sailkatzea. Guk uste dugu helburua bete dezakegula, eta baldintzen kontua aparte utzita, lehenengo lau postuetan sailka gaitezkeela.

Lehen lauetan sartuz gero, beteko al zenituzkete zuek hiru baldintzak?
Baietz uste dugu. Horregatik nahi dugu jende gaztea animatzea, batez ere herrikoak, gurekin entrenatzera etortzeko. Gero, horietatik, 21 urtez azpiko jokalari batzuk aterako genituzke. Entrenatzailearena beste kontu bat litzateke, konplikatuagoa.

Nola ikusten duzue taldearen etorkizuna?
Kirol arloan ondo esan daiteke. Eta patrozinatzaile aldetik ere ez dago arazorik. Egia da, kategoriak igotzen jarraitzen badugu, ekonomikoki mantentzea zailagoa izango zaigula. Orduan laguntzaile gehiago bilatu beharko genituzke.


----------------------------------------------------------------------------------------------------

Futsal: kirol ezberdinak
elkartzetik sortua

INTERNETEKO wikipedia-k azaltzen duenez, areto-futbola (futbito edo futsal ere deitua) kirol ezberdinak elkartzetik sortutako kirola da; futbola (oinarria hemendik datorkio), waterpoloa, boleibola, saskibaloia eta eskubaloia lotzen omen ditu. Eta lotura hori nabaritzen da bai kirol honek dituen arauetan, baita teknika batzuetan ere.
Futbol-sala oso kirol dinamikoa da, mugitua, azkarra. Jokalariek prezisio eta teknika handia behar dute baloiarekin.

75 URTEKO HISTORIA,

GUTXIENEZ

Bi bertsio desberdin aurki daitezke areto-futbolaren sorrera azaltzen dutenak. Biek 30eko hamarkadan kokatzen dute hasiera:
-Lehenak dio Montevideon (Uruguay) jaio zela. Uruguayko futbol selekzioak 1924 eta 1928 urteetako joko olinpikoak irabazi zituen, eta 1930eko mundiala gero. Boom futbolistikoa gertatu zen herrialde hartan, baina arazo bat zeukaten: ez zegoela denak futbolean aritzeko adina leku. Beraz, futbola toki txikiagoetan praktikatzen hasi ziren (gimnasio eta saskibaloi pistetan) eta kirol modalitate berri bat asmatu zuten.
-Bigarrenak Sao Paulon (Brasil) du jatorria, 30eko hamarkada bukaeran. Honen defendatzaileek diote, futbol-sala edo Nobre arte da boa pesa (Baloi pixuaren arte noblea) Asociación Cristiana de Jóvenes elkarteko gazteek sortu zutela. Uruguayn ere aritzen zirela diote hauek, baina lehenengo arauak Sao Paulon asmatu omen ziren.
Batak ala besteak asmatu, argi dagoena da, Hego Amerika dela kirol hau gehien praktikatzen den zonaldea. Halere, 1965. urterarte itxoin behar izan zen Hego Amerikako selekzioen arteko lehenengo futbito txapelketa jokatzeko. Eta are gehiago itxoin behar izan zuten emakumeek, 1983. urterarte ez baitzegoen onartuta emakumezkoen futbitoa.
Gaur egun txapelketa eta torneo ugari antolatzen dira areto futbolean, bai estatu mailan eta baita nazioarte mailan ere; mundialak, kontinentalak, ligak eta abar.


Erreportajea: Ekhi Zubiria Etxeberria

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!