Aiako Harria parkearen berri izango dute Bruselan, datorren astean

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 16a, 01:00

DATORREN astean Aiako Harria parkearen berri izango dute Bruselan. 2005az gero Gipuzkoako Foru Aldundia Life Aiako Harria delako programaren barruan, hainbat ekintza egiten ari da, parkeko ondare naturala babesteko. Proeiktu horren berri emango dute Bruselan. Aiako Harria parke naturalak udalerri ezberdinak hartzen ditu. Parkeak 6.313 ha ditu eta lurralde horren %9a Hernaniri dagokio: Usoko-erreka, Epele-erreka eta Aparrain ingurua hartzen ditu, hain zuzen. Hernaniz gain, Errenteria, Oiartzun eta Iruneko udalerriak ere hartzen ditu parkeak. Life Aiako Harria programa 2005ean hasi eta 2009ko irailean bukatuko da. 2,26 milioi euroko aurrekontua du eta %50 Europako Batzordeak finantziatzen du. Gainerakoa Gipuzkoako Foru Aldundiak, parkean lurraldeak dituzten Udalek, Basoa Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak finantziatzen dute.

Hernaniko lurraldeetan balio haundiko espeziak aurki daitezke
Life Aiako Harria proiektuari dagokionean, guztira 41 ekintza burutuko dira parkean. Helburua, besteak beste, desagertzeko arriskuan edo mehatxatuta dauden hainbat espezieen habitata hobetzea da. Espezie horien artean daude, esate baterako, Trichomanes speciosum eta Soldanella villosa izeneko landareak. Aranzadi Elkarteak Hernanin egindako azterketak, erakutsi du desagertzeko arriskuan dauden landare hauek Hernanin aurkituz daitezkeela, eta uste baino gehiago, gainera. Hernanin bizi den eta inportantzia haundia duen beste espezie bat, da Galemys pyrenaicus izenekoa, muturluze izenez ezagunagoa dena. Muturluzea sator moduko bat da eta Usoko-erreka inguruan bizi da batez ere. Ikusten zaila den arren, han inguruan ibiltzen da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!