Hernaniko udalak irudi berria izango du hemendik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 20a, 01:00

Hernaniko Udalak irudi korporatiboa edo logotipoa berritu du, beraz, hemendik aurrera betiko armarri zaharraren lekuan, irudi modernoa ikusiko da, lehengo zaharrean oinarritua, hori bai. Irudi hori ikusi ahal izango da udal agiri eta eraikinetan. Atzo prentsaurrekoa egin zuten irudia aurkezteko.

Armarrian oinarritua
Udal irudi korporatibo berriak zaharretik asko du, atzo Alkateak, Marian Beitialarrangoitiak, adierazi zuenez; irudi berrian lehengo gazteluaren tratzak ageri dira. Marrazkiaren zatirik haundiena, berde kolorekoak, «udala adierazten du, denok osatzen duguna». Goiko aldean ageri diren hiru laukitxoak, kolore ezberdinatakoak, «udalaren aniztasuna adierazten dute, jende askok osatzen baitu udala, plurala delako»; aldi berean bizikidetza ere adierazi nahi du, «herri bizia ere badelako Hernani». Irudi artean H letra sumatu daiteke, «Hernaniren ikurra»; beheko aldeko borobilak «elkarlana adierazi nahi du, denok maila berean, elkarrekin».

Letra tipo berria
udal agirietan Udalak badu beste aldaketa bat, tipografiari dagokiona, izan ere, hemendik aurrera udal agirietan Dax izeneko letra tipoa erabiliko du Udalak. Propio erositako letra tipoa da, ordenagailuetan topatzen ez dena, eta helburua da «izaera, identitate propioa adieraztea».

Piskanaka zabalduko da
Gaurtik aurrera zabalduko da irudi berria, piskanaka-piskanaka. Ez da bat-bateko aldaketa izango Alkateak esan duenez, «denbora behar delako, eta bestea ere hor dagoelako». Udal agirietan sumatuko da lehenengo aldaketa. Irudia ezagutzera eman eta zabaltze aldera, aterkiak eta giltzak eramateko llaberoak egin ditu Udalak, piskanaka banatzeko eta bisitari eta udalaren inguruko jendeari emateko; udal langileek ere jasoko dituzte eta herritarren batek nahi izanez gero, udaletxetik pasa eta jaso ditzake, helburua azken batean irudia kaleratzea baita.

Aldaera ezberdinak
Irudiak forma eta kolore beretsua izango du ia beti, baina zenbaitetan, koloreari dagokionez batez ere, eta euskarriaren arabera, aldatu egingo da.

Zergatik aldaketa
Alkateak adierazi duenez, irudia berritzeko premia sumatu dute, beste udal askok egin duten bezala, «garai berrietara egokitu behar baitugu». Gainera «helburua ez da herriari beste irudi bat ematea, oinarrian zeukana errespetatu baitugu. Gure ustez, ez da aldaketa, eboluzioa baizik». Armarri zaharrari buruz galdetuta, alkatearen esanetan, «lehengoa oraindik hor dago, bere garrantzia du eta ezin da nolanahi baztertu». Udalak piskanaka-piskanaka oraingo irudi berria, garai berrietara egokitua, erabili eta zabalduko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!