Sahararako janari bilketa aurrera ateratzeko laguntzaileak behar dira

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 15a, 01:00

HERNANIKO Udalak urtero bezala Sahararako janari bilketa antolatzen ari da. Kanpaina aurrera ateratzeko beharrekoa izaten dute jendearen laguntza. Jakinarazi dutenez, hurrengo bilera azaroaren 20an, osteguna, izango da, Biteri kultur etxean, arratsaldeko 19:30etan. Kanpainaren helburua da janaria biltzea eta horretarako bide hauek erabiltzen dituzte: eskoletan janaria biltzen dute kaxak jarrita; kultur etxean ere kaxak jartzen dituzte; supermerkatuetan ere bai; Plaza Berrin haima haundi bat jarri izan dute asteburu batean; Hernaniko elkarte gastronomikoetan heltzeak jartzen dituzte jendeak dirua botatzeko eta diruarekin janaria erosten dute, besteak beste.

Zertan lagundu liteke
Kanpainak aurrera egiteko jendea behar dute, eta azaldu dutenez, honakoak izango lirateke egin beharrekoak: supermerkatuetan egotea jendeari kanpainaren berri ematen; supermerkatuetatik kaxak hartu eta lokaletara eraman; haiman janaria jaso; eta lokalean bildutako kaxak antolatu eta bidaltzeko prestatu. Iaz 6.000 kilo jaso ziren kanpainan, eta aurten beste hainbeste edo gehiago bildu nahi dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!