BIZIKLETENTZAKO bidegorri berria eraikitzen hasi dira, Latsunbeko rotonda eta Karobieta parkea lotuko dituena, Urbieta kalean dagoena. Bidea bukatzean, bidegorriari jarraituta, bizikletan joan ahal izango da Sagastialden dagoen Haur Parketik Karobieta parkeraino, Antziola eta Eduardo Txillida pasealekuan barrena. Lanak hiru hilabete barru bukatuko dituztela aurreikusten dute.
Atarrabiyo parkean dagoen oroitarri bat botako dute
Udalak jakinarazi du bidegorria egiteko Atarrabiyon dagoen eskultura edo oroitarri bat bota egingo duela. Oroitarria garai batean zegoen etxearen omenez jarri zuten parkean.
Bidegorri sarea zabaltzen
Pixkanaka-pixkanaka gero eta bidegorri gehiago izango dira herrian. Etorkizunean, Karobieta parketik Atzietarainoko bidegorria egingo dute. Momentu honetan proiektua adjudikatzekotan dira. Txantxillan etxebizitzak egiteko obrak ere hasi dira duela gutxi. Urbanizazio horretan bidegorria egitea ere aurreikusita dago. Bidegorriak Urumea ikastola, Inmaculada ikastetxea, Axalan izango den rotonda eta Arrigoainpeara joateko semaforoa lotuko lituzke, Laubidieta inguruan. Tren apeaderoa eta Atzieta lotuko dituen igogailuko lanak ere laister hasiko dira eta udaberri aldean bukatzea espero da. Obra horretan, bizikletak aparkatzeko gune bat egitea aurreikusi dute, apeadero inguruan.