NERE Lujanbio Artearen Historian Lizentziatuak Jorge Oteiza artistaren bizitza eta ibilbidea jaso ditu erraz irakurtzeko moduko liburu batean, Elkar argitaletxeak eskatuta. Liburuaren izenburuak ondo laburtzen ditu artistaren izaera eta irudia.
Asko hitz egin da Jorge Oteizari buruz dagoeneko. Zer falta zen esateko?
Bai, asko esan da, eta batez ere aurten, urteurrenak bezalako data seinalatuetan oraindik gehiago hitz egiten delako; gainera, honelakoetan mitifikatu egiten da asko... Asko hitz egin da bai, baita berak bere buruaz ere. Oteiza zen kristoren energia zuen pertsona eta bizi zela oso zaila zen berari buruz hitz egitea, bera hor zegoelako, eta gainera, horrelako izaera izanik, azkenean bere alde edo aurka jarri behar zenuen, ezin zenuen neutroa izan.
Hala ere, biografia gutxi egin dira, eta euskeraz ere gutxi idatzi da. Katalogoetan eta, izaten da atal bat bere bizitzari buruzkoa, baina beti laburra. Oteizaren ekarpen artistikoaren lana distantziatik aztertzea falta zen, azterketa objetiboa. Orain badugu distantzia objetiboak izateko.
Bere biografia jaso duzu edo ibilbide artistikoa?
Liburua Elkar argitaletxearekin argitaratu dut, biografien sailean, beraz, biografia jaso dut. Baina Oteizaren kasuan oso zaila da bereiztea biografia eta ibilbide artistikoa. Informazio asko dago berari buruz, eta gainera, aldi berean gauza asko egiten zituen pertsona zen; aldi berean eskulturak egiten ari zen, eskola esperimentala bultzatzen, kultur eragile lanetan... gauza asko egiten zituen batera.
Nik eskulturaren esparrua aukeratu dut batez ere. Lan biografikoa egin dut baina tartekatuz zertan zen bere lan eskultorikoa; tarteka kontakizuna gelditu egiten dut eta azalpen artistikoak ematen ditut.
Hasieratik esan zidaten dibulgazio sailerako zela. Era berean, Oteiza figura korapilotsua izan zen, baita bere lana ere, baita berari buruz idatzitakoak ere. Zentzu horretan, zaila izan da niretzat tonoa aurkitzea; gainera, publiko oso zabalarentzat egin dut liburua.
Erraz irakurtzeko moduko liburua dirudi. Dibulgaziorako izan ez balitz, liburu teknikoagoa egingo zenuen agian?
Edonola ere, ulertzeko modukoa egingo nuke. Egitura ere antzekoa izango luke, baina agian gauza teknikoetan eta, kontu batzuk jakintzat emango nituzke... Zaila izan da tonu hori topatzea, nondik abiatu...
Azkenean, nik lan txiki bat egin nahi izan dut, edozeinek, Oteizari buruz dakienak eta ez dakienak, ulertzeko modukoa; jendeak pentsa dezala «nik ere Oteizari buruzko liburu bat irakur dezaket», edo besterik gabe, hurrengoan Arantzazura joaten denean apostoluak beste era batera begiratuko ditu... Horixe da nire liburuaren funtzio txikia.
Zergatik maite edo gorroto du jendeak hainbeste Oteiza?
Oso muturrekoa zelako. Nik ez nuen bizirik ezagutu eta orain pena dut ez ezagutu izana. Pedro Manterolak ondo ezagutu zuen Oteiza eta berak dio gorrotagarria eta maitagarria zela. Egozentrikoa zen oso, ni, ni eta ni... baina era berean, artista, oso pertsona berezia; inolako erreparorik gabe jokatzen zuen, ez zuen mugarik, edo aske sentitzen zen... kontua da edonori edozer esateko gauza zela...
Gainera, euskal kulturan, 60garren hamarkadan jende askorengan kontzientzia piztu zuen, Quosque Tandem...! liburua Biblia izan zen orduko gazteentzat... Bertan esandako gauza askok ez zuten zentzurik, baina lortu zuen euskarari, euskal kulturari, balioa ematea... Berak esandakoek, bere purrustek, erantzuna eskatzen zuten eta domino efektua eragiten zuten bere adierazpenek.
Ezagutu zuten idazle eta abarrentzat, Oteiza mugarri izan zen beren ibilbideetan. Zergatik izan zuen hainbesteko eragina?
1959an artea utzi zuen. Artistaren alderdi soziala defendatzen zuen; artistak langile soziala behar zuela izan esaten zuen, betebehar bat zuela gizartearekiko, artistak gizarte berri baten alde lan egin behar zuela; esate baterako, garrantzi haundia ematen zion hezkuntzari, zentro esperimentalak sortu nahi zituen... Oso utopikoa zen. Berak esaten zuen artistek artearen bidez ikasitakoa gizarteari itzuli behar ziotela, beraiek zortea izan zutela, ikasitako guztia ikasteko aukera izan zutelako, eta ikasitakoa, gizarteari eman behar ziotela.
Azkenean, artista jenio bihurtu zen eta pertsonaiak pertsona jan zuen; jenioaren itzalak ez du uzten pertsona ikusten. Oteiza asko sortu ziren eta benetakoa galdu egin zen.
‘Jorge Oteiza. Jenio Hutsa’ jarri diozu izena liburuari.
Izena berez jarri behar zen.
Tituloarekin bueltaka ibili nintzen; jolasa da. ‘Hutsa’ hitza aukeratu nuen; efektibista eta tipikoa da, baina Oteizaren ezaugarria da eta ‘Jenio’ hitzak ere ondo definitzen ditu bere bi ezaugarri: alderdi artistikoa eta malaletxea; artista edadetu, petral, malaletxe bizikoa... oso pertsona berezia izan zen.
Artistikoki jenioa izan zela esango zenuke?
Hori ez nuke inoren gainean esango seguraski, baina Oteizak oso ekarpen onak egin zituen eta euskal artea abangoardian sartzen lagundu zuen, Chillidarekin batera... bere neurrian jakina! Tailerrak antolatu zituen, Arantzazun artista asko bildu ziren artearen inguruan zerbait egitera...
Izaera haundiko pertsona zen, karismatikoa esaten dena, eta egiten zuena egiten zuela, inguruko guztien arreta bereganatzen zuen eta horrek asko lagundu zion.
Nor izan zen Jorge Oteiza, hitz gutxitan?
Hitz gutxitan?
Saiatuko naiz... 20garren mendean euskal kulturan izan den pertsona garrantzitsua, garrantzitsuena ez bada; euskal kulturaren zimentuak astintzen saiatu zen artista eta euskal arte garaikideari ekarpen garrantzitsua egin ziona.
Beraz, bere alde artistikoa azpimarratuko zenuke, bere izaeraren gainetik?
Bai, alderdi artistikoa eta kulturala. Jendeak azken urteetako Oteizaren gatazkak eta iskanbilak gogoratzen ditu, baina nik ez dut hori azpimarratu nahi izan; pertsonaia mediatikoak kalte egin zion artistari. Alderdi positiboak azpimarratu nahi izan ditut.
Arantzazu. Apostoluak hamabi besterik ez zirela, Arantzatzun gehiago daudela, demonioa zela, Amabirjina zela... zenbat dena delako daude Arantzazuko frisoan?
14 apostolu dira. 14 egin zituen baina 22 egin zitzakeen... berari galdetzen ziotenean zergatik 14, berak beti erantzuten zuen, 14 egin zituela, ez zuelako gehiago jartzeko tokirik. Bera erlijiosoa zen, baina Arantzazukoak ez dira apostoluak zentzu tradizionalean, apostoluen kontzeptua adierazten dute; barrua irekia dute goitik behera, barrua erakutsiz bezala, ordurako hasia baitzen gainera, hutsaren teoriarekin. Zentzu zabalean ulertu behar dira.
Hutsaren teoria, zer da?
Oteizaren bilakaera eskultorikoak hori zuen helburu. Hasieran blokeekin egin zuen lan; gero hutsuneak jartzen hasi zen, materia/izpiritua oposizioa adierazteko... Piskanaka arte abstrakturako joera gero eta haundiagoa zuen, eskulturetan ahalik eta material gutxien erabiltzen hasi zen... aldi berean cromlecharen edo harrespilaren teoria landu zuen; cromlecha ez zen hilarria bere ustez, zirkulua, barruko espazio hutsa, espazio sakratua zen... berak hutsune hori bilatu nahi zuen eta cromlechera iritsi zen.
Eta zeharka, gainera lortu zuen euskaldunak harro sentitzea beren hizkuntzaz, beren kulturaz, beren izaeraz...
Hizkuntzari dagokionez, etimologia ausartak ere asmatu zituen. Denean ezin arrazoi izan jenioak...
Beno, azkenean eztabaida sortu zuen eta hori da garrantzitsuena. Egia da, oso despektiboa zela batzuetan, ausarta oso, kristorenak esaten zituen batzuetan... berak azkenean, interpretazio estetiko eta mistikoa egiten zuen. Euskera dela eta ez dela, esate baterako, esaten zuen, gure hizkuntzan nonbait edo noizbait, euskalkiren batean edo, izango zela hitz baten erroa, Jainkoari Huts esateko balio zuena.
Euskaldunon historia estetikoa sortu zuen, sortzailearen, artistaren ikuspegitik; bere teoriek ez zuten oinarri zientifikorik, eta berak jakingo zuen.
Berak hutsunea hasieratik zuen buruan eta cromlechak bere teoria indartzeko erabili zituen; berak zioen, bere ibilbide artistikoaren ondoren, berriz jatorrira iritsi zela. Iritsi zenean, esan zuen ezin zela gehiago egin eta utzi egin zuen. Bere obra guztiaren laburpena Agiñan dago, cromlechez josita dagoen paraje batean; bertan daude lehenengo artelanak eta azkena, berea.
Berak zioen cromlechak oinarrizko obrak zirela eta cromlechak egin zituztenak artistak. Lehen artista neolitikoan izan zen eta azkena bera izan zen. Ez zegoen gehiago esperimentatzerik, eta hor bukatu zuen bere esperimentazio eskultorikoa.