HERNANIKO Udalak urtero herriko kontuekin urtekaria osatu eta argitaratu izan du. Aurten ere osatu du eta datorren ostiralean, azaroaren 21ean izango da aurkezpena. Arratsaldeko 19:30etan, udaletxeko batzar aretoan. Iaz urtekaririk atera ez zenez, aurtengoa bi urteetako urtekaria izango da, 2007 eta 2008koa. Urtekariaren 15garren edizio honetan, denetariko gaiak irakurri ahal izango dira, garai batekoak eta gaur egunekoak.
30 bat artikulu
Urtekarian guztira 30 bat artikulu irakurri ahal izango dira. Portuko plazari buruzko erreportajea; Elur Txori elkartearen historia; Urumeako izokinei buruzko erreportajea; Kardaberazi buruzko erreportajea; errugbi elkarteari idatzitako bertso paperak; Txabolategi bertsolariari buruzko erreportajea; herriko turismoaren azterketa; azken 25 urtetan izan diren uholdeak; Antton Zabala eskalatzaileari buruzko artikulua; herriko ikuspegi artistikoa aztertzen duen artikulua; Lete liburu dendari buruzko erreportajea eta Biteriko eskolari buruzkoa, besteak beste.