Abenduan egoitza batean bizitzeko aukera izango dute adineko ezinduek

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 15a, 01:00

adineko ezinduentzako aldi baterako egonaldiak antolatu ditu Diputazioak abendurako. Eskaintza abendua eta Gabonak gainean direla kontuan izanda egin dute. Egonaldiak 15 egun edo hilabetekoak izango dira zonaldeka banatuta, eta egoitza ezberdinetan.

Zerbitzuaren helburuak
Zerbitzu honen bitartez, etxean bizi diren adineko ezinduei ematen zaie, aldi baterako, egoitza batean bizitzeko aukera. Askotan arrazoi ezberdinengatik, adineko ezindu hauek etxetik kanpo bizi behar izaten dute, izan ere. Zerbitzuaren helburuak honako hauek dira: nahiz eta denboraldi jakin batean adineko pertsonak bere etxea utzi behar izan, gerora begira, etxean bizitzen jarraitzeko aukera izatea; adineko ezinduak zaintzen dituzten pertsonek atsedena hartzeko aukera izatea; eta, zaintzaileak momentu jakin batean adinekoa zaindu ezin duenean, edadetuak bizitzeko egoitza bat izatea.

Eskaera egiteko baldintzak
Egonaldiak lortu ahal izateko aurkeztu beharreko paperak honako hauek dira: eredu ofizialeko eskaera orria, zerbitzua eskatu nahi duenaren karnetaren fotokopia, beraren eta famili unitatearen diru sarreren agiria eta mediku txostena eguneratua (diagnostikoa eta tratamendua barne). Hernaniarrek paper guzti hauek Sandiusterriko gizarte zerbitzuetan entregatu beharko dituzte.

Eskaera egiteko epeak
Eskaera egiteko epeak, egoitzan pasako diren egunen araberakoak dira. Hau da, egonaldia hamabost egunetarako bada eskaera azaroaren 21a baino lehen egin beharko da. Aldiz, egongaldia hilabeterako bada, azaroaren 28a baino lehen egin beharko da. Epez kanpo egindako eskaerak egoitzetan lekua libratu ahala erantzungo dira. Denentzako ez badago nahiko leku, urte osoan zerbitzua erabili ez dutenek izango dute preferentzia. Egonaldiaren kostuari dagokionez, diru sarreren araberakoa izango da. Hileko 548,10 euro edo gutxiago jasotzen dutenek, 14 euro ordaindu beharko dituzte eguneko. Hileko kantitate hori baino gehiago jasotzen dutenek berriz, 22 euro ordainduko dituzte eguneko.

Hernaniarrak Donostiara
Esan bezala, Diputazioak adineko ezinduak zonaldeka banatuko ditu. Hernaniarren kasuan, edadetuak Donostiako egoitza batera joango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!