inemek argitaratzen dituen datuen arabera, Hernanin urrian 779 herritar zeuden langabezi zerrendan izena emanda; Hernanin erroldatutakoen (19.219 pertsona daude egun erroldan) %6,37. Urrian azken urteetan izan den joerari erreparatuz gero, ikusi daiteke langabetu kopuruak gora egin duela azken bi urteetan: 2007ko urrian 54 langabetu gutxiago izan ziren herrian; eta 2006an aldiz 77 langabetu gutxiago. Herriko datuak, Euskal Autonomi Erkidegoko datuekin konparatuta, ikusi daiteke langabetu kopuruaren gorako joera orokorra dela. EAEn urrian 87.837 langabetu zeuden INEMeko zerrendan, iaz hilabete honetan baino 14.096 gehiago.
Emakume langabetu gehiago
Urteetako joerari jarraituta, langabezi zerrendan emakume gehiago daude, gizonezkoak baino. Urrian Hernanin 779 langabetu zeuden zerrendan eta horietako 458 emakumezkoak ziren. Langabetu gehien 45 urtetik gorako emakumeen artean izan da, 220. Gizonezkoen artean ere, adin tarte horretan izan da langabetu gehien, 102.
Lan kontratu gutxiago
Egin diren lan kontratuen inguruan, INEMek argitaratutako datuek diote urrian 489 lan kontratu egin direla, gehienak aldi baterako, 445. Lan kontratu gehienak zerbitzu sektorean egin dira, 420. Iazko datuei erreparatuta, hil honetan, 568 lan kontratu egin ziren; eta duela bi 666.