Herrian beharko liratekeen azpiegituren inguruko eztabaida bultzatuko du Udalak, datorren urtean

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 13a, 01:00

HERNANIKO Udalak Kudeatuz proiektuaren aurreneko edizioan parte hartuko du, udaletxeko kontuetan herritarrak parte hartzea bultzatzeko proiektuan. Kudeatuz proiektua Eudelek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri dute martxan eta Hernanirekin batean beste 9 udalerri aurkeratu dituzte proiektu honetan parte hartzeko. Programa honen barruan herrian martxan jarriko diren ekimenak aurkeztu zituzten atzo prentsaurrean Marian Beitialarrangoitia Alkateak eta Jose Ignacio Arrieta, parte hartze zinegotziak. Azaldu zutenez, hitzarmen honen bidez, Hernaniko Udalak bi ekimen jarriko ditu martxan, datozen 12 hilabeteetan zehar: horietako bat izango da, herritarren artean eztabaida antolatzea herrian zein azpiegitura behar diren zehazteko eta lehentasuna zeinek duen erabakitzeko; eta bestean, herrian adinekoei ematen zazkien zerbitzuen ebaluazioa egingo da, herritarren iritzia bilduta.

Diputazioak finantzatuta
Bi prozesu horiek antolatu eta dinamizatzeko bi enpresa kontratatuko dira, Siadeco eta Gizaker. Diputazioak 100.000 euroko diru laguntza emango du proiektu hauek martxan jartzeko. Orain, hurrengo urratsa izango da, enpresa hauek eta udal ordezkariak biltzea parte hartzeko prozesu hauek nola antolatuko diren zehazteko.

Intereseko gaiak
eztabaidara Kudeatuz programaren barruan aztertuko diren gaiak ez dituzte kasualitatez aukeratu. Atzo prentsaurrean azaldu zutenez, herrian beharrezkoak diren azpiegiturei dagokionean, aspalditik somatu dute herritarren artean gai honen inguruko interesa: «Musika Eskola txiki geratu dela, auditorio bat edo Kafe Antzoki moduko bat behar dela, igerileku itxiak haunditzeko beharra dagoela...» gai honen inguruko kezka badu jendeak. Horrekin batera, argi utzi nahi izan dute, udaletxe batek duen inbertsiorako gaitasuna ez dela oso haundia eta denak batera egin ezin direnez, helburua izango da ateratzen diren proposamenen artean lehentasuna markatzea. Programa honen barruan, baita ere, adinekoei ematen zaizkien zerbitzuak ebaluatuko dira. Azaldu zutenez, urtetik urtera herrian dagoen adineko jende kopurua haunditzen ari da eta horrek ekarriko du zerbitzuak hobetu eta moldatu beharra. Herritarren iritzia kontuan hartu nahi dute zerbitzuak osatu eta hobetzeko. Bi prozesuetan ere ahalik eta jende gehiena bildu nahi lukete, sektore ezberdinetakoa, emaitzak herriaren iritziaren erreflejoa izan daitezen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!