Aparraingo Jose Miguel Aizegaren eztia milalore klasekoen artean onena

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 12a, 01:00

JOSE Miguel Aizegak, gutxi edo gehiago, 20 urte daramazki erlazain lanetan. Sari bat baino gehiago irabazi ditu urte hauetan, baina asteburu honetan lortutakoa ez da nolanahikoa, Usurbilgo Erle Egunean, milalore eztien artean, aurreneko saria eskuratu baitzuen. Txapelketara aurkeztutako eztiarengatik galdetuta, Jose Miguel Aizegak dio, iluna eta sendoa dela eta zapore onekoa. Saria jasotzea sorpresa izan bada ere, azaldu duenez, eztia ona denean jakin egiten da, eta aurkezten diren denak ere sariren bat eramateko ilusioz joaten dira Erle Egunera.

Erleak Aparrain aldean
Jose Miguel Aizega Hernanin bizi den arren, Aparraingoa da berez, eta erle kajak ere han izaten ditu, guztira 15 bat. Ateratzen duen eztiak, akazia, gaztaina eta txillarraren loreetatik ateratakoa izaten da, inguruan hori aurkitzen baitute erleek. Eztia, batez ere, etxerako egiten du eta egunero hartzen dute. Guztira 100 bat kilo ateratzen omen ditu. Sobratzen zaiona lagunei eman edo saldu egiten du.

Lehenago ere sariak jasotakoa
Jose Miguel Aizegak lehenago ere jaso ditu sariak bere eztiarekin: 2000garren urtean aurreneko saria lortu zuen Urnietako txapelketan; Ibaetan 2garren saria atera zuen 2004an; urte berean, Erle Egunean, Euskal Herriko 4garrena izan zen; eta 2005ean, Donostialdeko txapelketako aurreneko saria jaso zuen, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!