BURUNTZALDEKO Udalek, tartean Hernaniko Udalak, Eska ezazu haragia euskaraz kanpaina jarri dute martxan, herriko harategietan. Azpimarratu dutenez, herriko harategi gehienak animatu dira parte hartzera eta identifikatzeko kartel bat jarriko dute. Kartelean behi eta txerriaren irudiak agertzen dira eta animaliaren pieza bakoitzari dagokion euskarazko izena. Horrez gain, harategiko produktuetan jartzeko euskarazko txartelak eman dizkiete dendariei, eta bezeroei, zozketa batean parte hartzeko bonoak banatuko dizkiete.
Euskeraren presentzia
haunditu
Buruntzaldeko udalek antzeko ekimenak jarri dituzte lehenago ere denda ezberdinetan: frutadendetan, arrandegietan, ileapaindegietan, eta abar. Harategietan ere egin zuten antzeko kanpaina, 2005ean, eta orain berriro ere bultzadatxo bat eman nahi izan diote. Kanpainaren helburua da, dendetan euskerak presentzia haundiagoa izatea, euskarazko kartel eta txartelak jarrita. Horrekin batera, bezeroak erosketa euskeraz egitera animatu nahi dituzte, eta bidez batez, hitz berriak ikasteko aukera eman harategira gerturatzen den jendeari.
Erosketa bonoak eskuratzeko aukera
Kanpainan zehar zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute harategietako bezeroek. Erosketa egiten den aldiro kupoi bat emango zaio bezeroari. Txartelean dagoen jokoa osatu eta norberaren datuak jarri ondoren, harategian bertan jarriko duten kajetan sartu behar da. Txartelak entregatzeko azken eguna abenduaren 17a izango da. Zozketa abenduaren 19an izango da. Harategi bakoitzak 50 euroko erosketa bonoa emango du saritan. Sarituei telefonoz eta idatziz jakinaraziko zaie.