Parapenteari buruzko emanaldia gaur, Mendizale Astearen barruan

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 10a, 01:00

Joan den ostiralean hasi zen Mendizale Astea Hernanin eta gaurtik aurrera eta ia egunero hitzaldiak eta argazki eta diapositiba emanaldiak izango dira, besteak beste. Guztiak Biterin izango dira, arratsaldeko 19:30etan. Gaur Jose Ramon Agirre Marronek parapentearekin bizitako esperientziak azalduko ditu. Gailurrera igo ondoren haizearen laguntzarekin nola jaitsi azalduko du, eta horretarako Broad Peak menditik (8047 m) jaitsi zeneko kontuak ekarriko ditu gogora. Arratsaldeko 19:30etan izango da emanaldia, Biteri kultur etxean.

Hitzaldiak egunero
Bihar Mikel Zabalza Pirineozale amorratuak pareta ezberdinetan zabaldutako eta eskalatutako goi mailako bideen berri emango du. Asteazkenean berriz, Alberto Iñurrategik ingurune exotikoetara bidaiatzen duten mendizaleei eta arrakasta izatera iristen den kirolariaren izaerari buruzko azterketa sakona egingo du. Zer pentsatu ematen duen hitzaldia.

Ostegunean hernaniarrak
Hernaniarrek urtero dute tarte bat Mendizale Astean. Ostegunean Rafa Elorzak Rigloseko eskalada klasiko batzuei buruz hitz egingo du. Ondoren Iñaki Zuzak hartuko du hitza eta Patagonian trekkinga hitzaldia emango du.

Argazki lehiaketako sariak ostiralean
Ostiralean Mendizale Astearen bueltan antolatutako argazki lehiaketako argazkiak aurkeztu eta sariak banatuko dituzte. Ondoren, elkarteak urtean zehar egindako irteeretako argazkiak emango dituzte.

‘Suiseki’ harria
Suisekia erosio naturalaren ondorioz sortutako harri mota da. Harriari buruzko erakusketa antolatu dute eta ostegunean eta ostiralean ikusteko moduan izango da, arratsaldeko 18:30etatik 21:00etara, Biterin.

Igandean mendi irteera: Pagoeta-Gazume-Bidania
Mendizale astean ezin irteerarik falta, igandean egingo dute. Pagoeta-Gazume-Bidania mendi buelta egiteko asmoa dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!