Jennifer Linch-en ´Surveillance´ filma Beldurrezko Asteko bukaera ofizialean

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 9a, 01:00

XABIER ERDOZIA, ‘LOU’
Beldurrezko Astearen XIX edizioa arrakastatsua bezain interesgarria izan da: klasikoak, aurtengo uztako film ospetsuenak, autore ezagunen azken filmak, autore gazteen lehenengo filmak, laburmetraiak, erakusketak... Goazen astintzera aurtengo Beldurrezko Astearen bazterrak! Santiago Segurak aurkeztuta, laburmetrai sarituak ikusteko aukera izan zen atzo arratsaldean eta ondoren Surveillance filma proiektatu zen. Bestalde, Victoria Eugenia Antzokian inoiz baino jende gehiago ibili da animei eskainitako sailak eta filma desberdinen euskarazko bertsioak ikusten. Atzo goizean berriz, Haurrentzako Zinema Sailaren barruan, haur mordoa Kursaalera hurbildu zen Olentzero eta oparien ordua eta Miquel Pujoen Cher ami filmeekin gozatzera. Erakusketei buruz, Tomoo Haraguchiri buruzkoa jendez gainezka izan da eta besteetan ere bixitari asko izan dituzte (Miguel Angel Martín, Isabel Mancebo, Ángel Unzueta eta Sanvi).

LUZEMETRAIAK

‘The Cottage’
Paul Andrew Williamsen bigarren filma da hau. Britainia Haundian aspaldikoa da umore beltzarekin dagoen harremana, Ealing ekoizpen etxeak ezinhobeto praktikan jarri zuena, eta atzerago joz gero, antzerkian topatu daiteke tradizio hori. Egun tarteka egiten da tradizio hori jarraitzen duen obrarik (Tumba abierta filma esate baterako). Tradizio horren barruan dago The Cottage, baina umore beltz konbentzionalak baino aukera gehiago eskaintzen ditu filmak; lehenengo ordubetean thriller beltza eta umoretsu konbentzionalen modukoa da baina bigarren zatian gore eta splatter generoak erakusten ditu maixutasunez. Odoltsua, biolentziaz beteriko azken ordu horrek aurreko konbentzionaltasuna hausten du eta baita osatu ere. Hori bera da filmaren origiltasuna, eta aktoreen lan bikainak asko laguntzen du. Filma interesgarria benetan Williamsen lan hau.

‘Déjame entrar’
Déjame entrar filma Ipar Europako zinema eta artearen tradizioarekin lotu daiteke. Suedian gertatzen den hamabi urteko vanpira baten eta buylling sufritzen duen mutil koxkor baten arteko harremana kontatzen digu era erromantikoan, hala ere, Tomas Alfredson zuzendariak harreman hori erabiliko du bakardadeaz, tristuraz, elkartasunaz eta sakrifizioaz ere mintzatu ahal izateko. Hotza da Déjame entrar hau, eta ez bakarrik Alfredsonek paraje izoztuak eskenatoki gisa erabiltzen dituelako, agertzen den pertsonaien erretratoa Europako gizarte deshumanizatuen eredua izan daitekelako baizik. Ederra eta harrigarria da Déjame entrar, nik aurten beldurrezko astean ikusi dudan filmerik hoberena.

‘Eden Lake’
Proposamen zinematografiko sendo hau Britainia Haunditik dator. Eden Lake filmak hiltzaileen filmeen konbentzioak erabiltzen ditu. Egun existitzen den gazteriaren erretrato bat egiten du, eta batez ere, gazte horien gurasoen jarrera salatzen du. Bikote bat asteburua pasatzeko asmoz Eden Lake ingurura hurbiltzen da, eta bertan topo egiten du gazte koadrila batekin... ¿Quién puede matar a un niño? eta Deliveranceren artean koka daitekeen film honek Europan eta munduan, guraso eta seme-alaben arteko harremanak adierazten ditu. Filmak adierazten digu egungo gizarteak porrotaren bidea hartu duela. `Nire semea ez da izan` erantzuten du ama batek galdetzen diotenean. Zenbatean entzun dugu hori bera? Eta horrez gain, filmak ez du arnasa hartzen uzten. Ikusi beharreko filma dugu Eden Lake.

‘Sauna’
Finlandiatik etorritako sinboloz beteriko film harrigarria dugu hau. Tarkovski maisuaren kutsua nabaria izatearekin batera Saunak mundu fantastiko berezian sartzeko ahalmena eta indarra du: Errusia eta Suediak bere mugak ezarri eta Finlandia banatzeko garaian kokatzen da. Xede hori gauzatzeko bidean 73 biztanleek osatutako herriarekin topo egiten dute. Zer egin erabakitzen duten bitartean, herriko saunan sartzen direnak bere bideari bukaera tragikoa ematen diote. Filma misteriotsu honen ezaugarri nagusia erakargarritasuna da.

‘Martyrs’
Film arrakastatsua eta polemiko hau Pascal Augierren bigarrena da. Bertan biolentzia nabarmena da baina zabaldu dena baino gutxiago (Sitgeseko zinemaldian sarreran anbulantzia jarri izanak marketingarekin du zer ikusi zuzena). Filmaren arriskua moralitate faltan dago. Georges Bataille eta Saderen teoriak oinarri hartuta, Augierrek ezin hobeto adierazten du egungo gizartearen ustelkeri sakon eta atzeraezinezkoa. Morjana Alaoui eta Mylene Jampanoï aktoreak goraipatzeko lana egiten dute, egi eta indar haundikoa.

LABURMETRAIAK

‘I love Sarah Jane’
Aurten ikusitako laburmetrai hoberenetarikoa izan da I love Sarah Jane, Spencer Susserek zuzendutako filma. George A. Romero aurrena eta gero Fulci edota Zack Snyder azken aldi honetan erakutsitako unibertsoan kokaturik, I love Sarah Jane lehenengo amodioei buruz mintzo da ordea. Hamalau minutu besterik ez ditu behar Suserrek filma bikaina gauzatzeko.

‘Spider’
Nik aurten ikusi dudan laburmetrairik onena. Hamar minututan kontatzen digu Nash Egertonek zer nolako izaera duten bikoteen arteko harremanek. Sorpresaz eta emozioz beteriko laburmetrai hau, dudarik gabe, maisu lana dugu.

AURTENGO PALMARESA
Laburmetraiak

Epaimahaiaren saria:
Next Floor, Denis Villeneuve.
Urrezko Melies saria:
Cotton candy, Aritz Moreno.
Publikoaren saria:
Spider.
Gazte epaimahaiaren saria:
Spider.
Luzemetraiak
Publikoaren saria:
Dejame entrar, T. Alfredson.
Proyecto Canal Plus saria:
Vicenta, Sam eta IB Cinema.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!