Noiz sortu zenuten talde hau?
Lehenago beste talde batzuetan aritutakoak zarete ezta?
Talde ugaritan egondako hiru lagunek osatzen dugu Mathojo. Hemezortzi urterekin-edo hasi ginen, Demencian. Talde hura askoz kañeroagoa zen; gero Melancholic Demise-en aritu ginen; Cavernoma gero, eta orain talde hau. Estiloa asko aldatu da, konparatzen badugu aurretik egin dugun musikarekin.
Esperientzia haundia duzue orduan;
Demencia, Hernanin, talde historikoa da.
Bueno, bai, hamar urte-edo joango ziren harekin hasi ginenetik...
Hemen inguruan asko entzuten ez den estiloa da zuena. Elektronika, gotikoa... Aurreko taldeetan ere antzeko zerbait gertatzen zitzaigun. Salbuespena ginen. Igual beste estilo batzuk gehiago egiten dira. Baina bueno, guk mota horretako musika entzuten dugu eta natural ateratzen da.
Noiz hasi zineten estilo horiek jarraitzen?
Ze, aurretik egin izan duzuena, zuk esan duzun bezala, askoz ere gitarreroagoa zen.
Ba, ez dakit. Urteekin kantak egiteko modua aldatzen da, eta gainera orain dena nire etxean egiten dugu. Askoz errazagoa da grabatzea eta jotzea. Kanta hauek errazagoak dira, jotzeko sinpleagoak, musikalagoak. Belarritik errazago sartzen da.
Hala ere, lana eskatuko dute elektronikak eta kantetan sartzen dituzuen programazioek, ezta?
Bai, baina bueno, ni soinu teknikaria naiz, Madrilen egon nintzen horretarako ikasten... Hiruren artean egiten ditugu programazioak, eta, ez pentsa, jartzea da; eta ez dira gauza oso konplikatuak ere.
Gutxi gora behera zenbat denbora hartzen du kanta bakoitzerako parte elektronikoa egiteak?
Egunak izaten dira: inspiratuta baldin bazaude arratsalde bakarrean egin dezakezu. Beste batzuetan egunak joaten zaizkizu probatzen... Baina ez pentsa, publizitaterako-eta egin izan ditut gauzak elektronikarekin eta ematen duena baino errazagoa da. Beste instrumentuekin baino sinpleagoa da, teknologiak pila bat laguntzen dizulako.
Ematen du musika gotikoa ez dela hemen beste leku batzuetan bezala zabaldu. Zergatik dela uste duzu?
Ideiarik ez daukat, kulturagatik edo izango da; adibidez Madrilera joanda nabaritzen duzu mugimendu gehiago dagoela. Igual hemen itxiagoak izango gara...
Musikaz gain irudiari ere garrantzia ematen diozuela ematen du: taldearen irudiak ikusgarriak dira, zuen myspacea ere oso zaindua daukazue...
Irudia zaintzea ez dugu pentsatu taldea sortu aurretik, baina estilo honetarako beharrezkoa da. Jendea makillatuta joaten da, eta horrelako gauzak. Aurreko taldeetan ez genion hainbeste begiratzen horri, kañeroagoa izanda ez zegoelako beharrik, baina orain talde guztiek egiten dute.
Eta estetika gotikoa zer da, kontzertuetarako zerbait edo egunero eramateko modukoa?
Guretzat behintzat ez... Nik uste dut orokorrean kontzertuetarako janzten dela jendea horrela. Gero norbait horretatik bizi bada, eta ondo bizi, orduan bai; baina ez dut uste jendea horrela joaten denik egunero.
Doinu melankolikoak dituzte zuen kantek. Zergatik da hori?
Beti atera izan zaizkigu gauza ilun samarrak. Sortzen jartzen garenean horrela ateratzen zaigu, beste batzuei festarako gauzak ateratzen zaizkien bezala.
Hasieratik denek batera lan egiten duzue edo taldeko bakoitzak bere kontutik lan egiten du?
Orain diferentea izan da aurretik izan ditugun taldeekin konparatuta. Lehen lokalean entsaiatzen genuen eta dena elkarrekin egiten genuen. Orain, gehiena, oinarriak eta ideia behintzat, Unaiek egin du. Gero denon artean kanta bakoitza moldatu dugu.
Baina bueno, hemendik aurrera hiruren artean egingo ditugu gauzak. Kontua da taldea hasi zenean ez zela gauza serio bat: Unaiek lan batzuk eginda zeuzkan eta horren gainean hasi ginen.
Eskerrak ez zela serioa: urtebetean 11 kantako diskoa egin duzue...
Nola dena etxean egiten dugun, oso lasai aritzen gara, estresik batere gabe: ez duzu joan behar estudio batera, diruarengatik kezkatzen ibili...
Eta orain zer? Ez dago erraza gaur egun diskoak saltzeko ezta?
Lagun bat daukagu horretarako. Gure diskoa diskoetxeetara bidaltzen ari da, kantak hortik mugitzen... Eta momentuz horretan gaude, diskoak horrelako lekuetara bidali eta itxoin egingo dugu bolada batean. Inor interesatzen ez bada, guk aterako ditugu kopia batzuk eta kontzertuetan saltzeko jarriko ditugu. Dena egina daukagu honezkero: liburuxka, CDaren diseinua... Baina noski, diskoetxeak hartzen baldin bazaitu eta kopiak bere gain hartzen baditu askoz hobeto.
Bitartean dena zuek egin al duzue?
Diskoaren azalaz eta diseinuaz ari naiz.
Inguruan daukagun jendeak asko lagundu digu: liburuxka adibidez lagun batek egin du. Animazio estudio batean lan egiten du eta gustatu egiten zaio; myspace-a ere beste lagun baten laguntzarekin egin genuen... dena horrela.
Zer moduz zabiltzate kontzertuekin?
Txumbo dabil horretan lanean eta jotzen hasteko prest gaude. Zuzenekoak prestatzen ari gara eta nik uste abendurako-edo jotzen ariko garela. Gogoa daukagu, denbora pila joan da azkeneko aldiz jo genuenetik.
Asko aldatzen al da diskotik kontzertura zuen soinua?
Adibidez zati elektronikoa nola eramaten da eskenatoki batera?
Ordenagailu portatil batean eramaten duzu dena: bateria guztiak, programazioak, teklatuak... dena. Soinu horren gainetik jotzen dugu guk. Berez erraza da, gauza bakoitza separatu dezakezulako eta nahi duzuna bakarrik sartu zuzenean. Aurreko lana zuk egin baldin baduzu sinplea da.
Malo taldekoek ere gauza bera esaten zuten, kontzertua askoz errazago egiten zutela aurretik grabatutako gauzak eramanda.
Egia da: ordenagailutik kaxa batzuetara bidaltzen duzu soinua eta gutako bik gitarra jotzen dugu, besteak kantatu. Kantak egiteko ere askoz errazagoa da; eta, zer esanik ez, ez daukazu bateria puska bat mugitzen ibili beharrik, edo anplifikadore pila bat bizkarrean hartzen aritu beharrik. Hori, hasieran, ondo dago: anpli haundi bat eraman kontzertura eta soinua atera dezala. Baina orain gauza praktikoak egin behar ditugu.