Janarien sobrak aprobetxatzeko errezeta liburua egin du San Markos Mankomunitateak

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 8a, 01:00

JANARI sobrak hobeto aprobetxatzeko kanpaina hasi du San Markos Mankomunitateak. Kanpainaren helburua da, zaborretara botatzen dugun janaria nola erabili daitekeen jakitea eta era berean, hondakin gutxiago sortzea.

116.000 errezeta liburu
Mankomunitateak zaborretara botatzen dugun janari horrekin 22 errezeta egin ditu: hasierako platerak, bigarren platerak eta postreak topa daitezke bertan. Errezetak 31 orrialde dituen liburuxka batean bildu ditu euskaraz eta gazteleraz. Liburuxkako informazioa lau ataletan dago banatua. Lehen atala aipatutako errezetekin dago osatua. Bigarren atalean hondakin gutxiago sortzeko edo etxean janari gutxiago sobratzeko hartu behar diren neurriak azaltzen dira. Hirugarrengoan, frigorifikoan edo despentsan ditugun janariei eman diezaiokegun probetxuaz hitz egiten da. Azken atalean berriz, janarien hondarrekin sortu ditzakegun plateren berri ematen du. Liburuaren izena Eltzekondoa garbituz da eta San Markos Mankomunitateak 116.000 banatu ditu azaroaren zehar 10 udalerrietako buzoietan, besteak beste, Hernanin.

Errezetak bidaltzeko aukera
Errezetak pertsona bakoitzak nahi adina sakondu ditzakeela kontuan izanda, liburua osatzeko errezetak bidali nahi dituztenek helbide honetara bidali dezakete: msanmarcos@udal.gipuzkoa.net.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!