Orientazio ikastaroa hurrengo asteburuan Irunen

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 8a, 01:00

ORIENTAZIO ikastaro teoriko-praktikoa izango da datorren ostiral eta larunbatean (azaroak 14 eta 15) Irunen, Irungo Mendizaleen Orientazio sailak antolatuta. Zenbait hernaniar badira irakasleen artean eta ikastaroa Hernanin ematea ere pentsatu zuten, baina Mendizale Astea dela-eta Irunen bertan emango dute aurten. Orientazio lasterketetan hasi nahi dutenei edo ikasi nahi dutenei zuzendutako ikastaroa da, eta teoria eta praktika izango ditu. Bertan erakutsiko da orientazio lasterketen nondik norakoa, eta iparorratza eta mapak erabiltzeko oinarria. Ostiral ilunabarrean eta larunbat goiz aldean izango da ikastaroa eta igandean proba batean parte hartzeko aukera ere izango du nahi duenak. Orientazio lasterketak edonori zuzendutako probak dira, kirolari zein kirol gutxi egiten dutenei, zahar eta gazte, banako, familia… Mapa batean jarritako puntuei jarraituz ibilbide bat osatu behar izaten da eta puntu bakoitzean klikatu. Kirola egiteaz gain, orientazioarekin ondo pasatzeko modua ere ematen dute orientazio lasterketek.


Izen ematea asteazkena aurretik
Orientazio ikastaroan izena eman nahi duenak edo argibide gehiago nahi duenak 630 93 11 45 telefonora deitu lezake edo orient@irungomendizaleak.com helbidera idatzi. Izen emateko azken eguna datorren asteazkenean izango da eta ikastaroaren prezioa 10 eurokoa da Irungo Mendizale elkarteko bazkideentzat; eta 15 euro bazkide ez direnentzat. Prezioaren barruan daude emango den dossierra, saio teoriko-praktikoa. Iparrorratzak ere bertan utziko dituzte.

Egitaraua
•Ostirala, azaroak 14 19:00-21:00 Teoria Irungo Mendizaleen elkartean •Larunbata, azaroak 15 10:00-14:00 Praktika Aiako Harrian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!