biharkoA inoiz izan den Behobia-Donostia lasterketa jendetsuena izango da, guztira 16.300 korrikalarik eman baitute izena, horien artean 6.800 gipuzkoarrak.
Hernaniarrak proban
Urtero bezala, hernaniarrak ez dira faltako Behobia-Donostia proban. Bihar goizean bi autobus aterako dira Hernanitik, goizeko 09:00etan, atletismo pistatik. Guztira 110 pertsonek eman dute izena. Hala ere, proban, Hernaniko 200 korrikalarik parte hartzea espero da. Gainera, hauetako asko Hernaniko atletismo taldeak egindako kamisetarekin aterako dira korritzera.
Marka guztiak puskatzen dituen lasterketa
Behobia-Donostia atletismoaren festa izaten da korrikalari askorentzat. Azken hilabeteetan entrenatu ondoren, indarrak neurtzeko momentua izaten da. Askok lasterketak dituen 20 kilometroak egitearekin nahikoa izaten dute. Beste batzuk ordea, euren markak hobetzea izaten dute helburu.
Irteera ofiziala goizeko 11:00etan izango da oinezko atletentzat, Behobiako zubi internazionaletik. Gurpildun aulkietan dabiltzan atletak berriz, 10:25etan aterako dira. Hala ere, partehartzaile guztiak ez dira batera aterako, taldeetan banatuta baizik. Lehenengo dortsal horiak abiatuko dira, lasterketa irabazteko hautagaiak. Ondoren, berdeak, gero gorriak, urdinak, eta azkenik txuriak. Guztiek aurretik 20 kilometro izango dituzte Donostiako Boulebardera iristeko.
Bestalde, aurten lasterketan parte hartuko duten emakume kopurua ere igo egin da. Behobia-Donostiako antolatzaileek emandako datuen arabera, korrikalarien %14,75a emakumeak dira.
Izen haundiko korrikalariak
Korrikalari garrantzitsuak ere izengo dira aurtengo Behobia-Donostia proban. Horien artean Chema Martinez, Julio Rey (maratoietako marka onena duen korrikalaria) eta Kamel Ziani oriotarra (joan den urtean bigarren postua lortu zuen).
Inoiz baino medio gehiago
Partehartzaile kopurua kontuan izanda, aurtengo lasterketak inoiz baino medio gehiago izango ditu: 15.000 esponja, 70.000 ur boteila, 20.000 yogurt, 17.000 domina eta abar.