dobera sarien laugarren edizioa izan da aurten eta artelan lehiaketa izan da aurtengoa, komunikazioa ardatz hartuta. Sei artistek aurkeztu dituzte beren lanak, guztira hamaika. Hamaika horien artean hiru aukeratu dituzte lehiaketaren eskakizunei lotuta: Komunikazioari, lehiaketaren gaiari alegia, ondoen lotzen zitzaiona; balio estektiko haundiena zuenari, eta azkenik, erakusketan bertan publikoak aukeratu duenari.
‘Esperantzaren itsasargia’
Iñaki Del Camporena
Iñaki Del Campo izan da aurtengo irabazlea. Esperantzaren itsasargia lana izan da irabazlea, artelan xumea baina indar haundikoa, lehiaketaren gaiari, komunikazioari alegia, ondoen lotzen zitzaiona izaki. Epaimahaiak aho batez aukeratu du. Del Campok 1.500 euroko saria irabazi du.
Aitor Ruiz de Eginok
bigarren saria
Bigarren saria Aitor Ruiz de Egino hernaniarrarentzat izan da. Piezaren balio estetiko eta artistikoa baloratu du epaimahaiak eta aluminio galdatuarekin egindako Tri-flax obra aukeratu du. Ruiz de Eginok ere 1500 euroko saria jaso zuen.
Hamaika lan,
hamaika birtute
epaileen aurrean
Guztira hamaika lan aurkeztu dituzte, material, teknika eta estilo pertsonalez eginak. Hiru lagun izan dira epaile: Nere Lujanbio, Andoni Unanue eta Edorta Langara, hirurak arte munduarekin zerikusia duten pertsonak.
Epaimahaiak adierazi duenez, ez da lan makala izan irabazleak aukeratzea, era askotako lanak baitzeuden. Hala ere, adierazi dute aho batez erabaki zutela komunikazioaren saria Esperantzaren itsasargiari ematea, «kontzeptualki onena iruditu zitzaigulako; teknikoki lanketa ikaragarria ez duen arren, ideia ona iruditu zitzaigun, osagai gutxirekin, asko adierazten duelako eta unibertsala den komunikazioa erakusten duelako.
Balio estetiko haundiena duen artelanak aukeratzeko garaian ere nahikoa lan izan omen zuten, «zaila delako, eta esan bezala, era askotako lanak zeudelako; Tri-flax eskultura dinamikoa iruditu zitzaigun oso, antzinako artearen ukitu bat du, baina aluminio fundituarekin egina dago, material modernoa, eta teknikoki landutako obra iruditu zitzaigun».
Publikoaren saria
Gotzon Huegunen Txalapartarentzat
Erakusketara hurbildu den jendeak ere izan du aukera bere iritzia emateko, erakusketa ikusi ondoren nahi zuenak bere botoa eman baitio gustukoen zuen lanari; kasu honetan Gotzon Huegunen Txalaparta artelan koloretsuak eraman ditu boto gehien.