gizartea zahartzen ari da, alegia, gero eta adineko jende gehiago dago gure artean. Hori diote ikerketek eta kalera atera besterik ez dago, hori horrela dela ikusteko. Beraz, gero eta ohikoagoa da inguruan era bateko edo besteko zaintza behar duen inor izatea. Normalean, inguruan kasu bat tokatu arte, ez da jakiten zer egin, ezta honelako kasuetan zein laguntza dauden ere. Gizartea erruz aldatu da, aldatzen ari da eta aldatuko da. Gauzak horrela, gero eta zerbitzu publiko gehiago daude adineko jendeari eskaintzeko eta zaintza ahalik eta egokiena emateko. Hernaniko Osasun Gizarte eta Ongintzarako Udal Patronatuak gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen ditu adinekoen eta ezinduen bizi kalitatea hobetzeko. Orain, atera berria du gida labur bat, etxez etxe banatu dena, adineko eta ezinduentzako eskaintzen dituen zerbitzu guztiekin.
Beharraren araberako zerbitzua
Honelako kasuetan gainera kasuistika zabala izaten da eta adineko, ezindu, familia, gaitz edo dena delako bakoitza ezberdina izaten da, horregatik, eskaintzen zaizkien baliabideak gero eta zabalagoak eta beharrei egokituak dira.
Besteak beste, honako zerbitzuak eskaintzen ditu Patronatuak: etxez etxeko laguntza zerbitzua, eguneroko lanak egiteko laguntza etxean bertan; laguntza materiala, bainugela berritzeko eta portala egokitzeko esate baterako; eguneko zentroa eta jangela; laguntza psikologikoa eta etengabeko atentzioa behar duten pertsonentzako egoitza.
Nork eskatu dezake
Zerbitzu bakoitza jasotzeko hainbat baldintza bete behar diren arren, bi dira ezinbesteko baldintzak Hernaniko zerbitzuak jasotzeko: bata, herrian bizi eta erroldatua egotea, bestea, 65 urtetik gora izatea.
Hortik aurrera, eskatutako zerbitzuaren arabera hainbat irizpide daude, lehentasunak jartzeko, esaterako, etxez etxeko zerbitzua jasotzeko garaian lehentasuna dute menpekotasun larria duten pertsonek. Horiez gain, eskatutako zerbitzuaren arabera, kontuan hartzen dira jasotzen duen zaintza, bere diru sarrerak, ingurukoenak eta abar.
Zerbitzuak adineko jendearentzat, menpekotasunen bat edo/eta diskapazitateren bat duten pertsonentzat dira, ez baitira gauza bera, azpimarratu dutenez. Esaterako, diskapazitateren bat duen pertsona izan baitaiteke erabat autonomoa.
Non eskatu
Informazioa, aholkua eta orientazioa eskatzeko Hernaniko Gizarte Zerbitzuetara, Sandiusterri kaleko 1. zenbakira (Zaharren Egoitza esaten zaiona) jo behar da edo 943 557 854 edo 943 331 103 telefono zenbakira deitu.
Ongintza Zerbitzuko lehendakariak, Izaskun Ezeizak dioen bezala, «edozein zalantza izanez gero, bakoitzak bere beharrekin zer egin ez badaki edo gidan erantzuten ez diren galderak izanez gero, Zerbitzuko langileak prest daude laguntzeko».
Bizi kalitatea hobetu
Gizartea aldatu ahala, zainketa ere aldatzen ari da. Bizi iraupena erruz luzatu da urte gutxian; zaintza ere aldatu egin da; beharrak ere bai; familia ereduak ugaritu eta aldatu egin dira; pertsonen arteko harremanak; emakumea, garai batean zaintzaz arduratu zena, lan merkatuan sartu da; zahartzaroa eta ezintasunak bizitzeko modu berriak sortu dira; gizarte zerbitzuak hobetu egin dira eta abar. Hortaz jabetuta, gizarte zerbitzuen helburua da adinekoen eta menpekoen bizi kalitatea ahal den neurrian hobetzea, alegia, geroz eta zerbitzu gehiago eta hobeak eskaintzea, baldintza egokienetan bizitzeko, dela etxebizitzari, dela garbitasunari, dela elikadurari, besteak beste.
wNork eskatu dezake
Bi dira ezinbesteko baldintzak: Hernanin bizi eta erroldatua egotea eta 65 urtetik gora izatea. (Horrez gain, kasuaren eta eskatutako zerbitzuaren araberako baldintzak daude).
wNon eskatu
Informazioa, aholkua eta zalantzak argitzeko: Hernaniko Gizarte Zerbitzua, Sandiusterri kaleko 1 zenbakia (Zaharren Egoitza) edo 943 557 854 edo 943 331 103 telefono zenbakira deitu.