UDAL ur araudi berria onartu zen urri bukaerako Plenoan. Araudi honek zehazten du ur zerbitzuaren inguruan Udalak eta abonatuek dituzten egin beharrak eta eskubideak, besteak beste. Uraren faktura hilean hirutan ordaintzea izango da araudi honek ekarriko duen aldaketetako bat. Araudia 2009ko urrian jarriko da martxan. Horrez gain, araudi honek zehatz-mehatz azaltzen ditu ur zerbitzuarekin zer ikusia duten gaiak. Etxebizitza batean ura jartzeko egin beharreko tramiteak zehazten dira, eta aurkeztu behar diren paperak guztiak ere, esaterako.
Zehaztasun haundiagoa
Udal ur zerbitzuaren araudia, hau onartu aurrekoa, duela 25 urtekoa zen. Ur zerbitzuko arduradunek azaldutakoaren arabera, oso orokorra zen eta ez zuen kasuan kasuko zehaztasunik ematen. Araudi berrian saiatu dira ur zerbitzuarekin zer ikusia duten alde guztiak ondo lotzen: ur instalazioa nola egin behar duten eraikuntzan eta bai herritarrek; kontadoreak nola jarri behar diren eta izan behar dituzten ezaugarriak; instalazioa ondo mantentzeko obligazioa; ur suministro motak zehazten dira (etxerako, garajerako, suteetarako, igerilekuetarako, industriarako...) eta zein tarifatan sartzen diren; lehortea badago zein suministro mota moztu beharko litzatekeen lehenago; eta abar.
Etxe bat kontadore bat
Bestalde, aurrera begira, udalak etxez-etxeko kontadoreak jartzeko aukera ere eman nahi du. Orain kasu askotan, komunidadeka jarrita daude kontadoreak. Banakako kontadoreekin bizilagunek aukera emango lukete etxeko gastua kontrolatzeko.
Horrekin batera araudi berriak, uraren gastua kontrolatzearen alde egiten du. Esate baterako, kale garbitzaileek, nahiz eta ura ez ordaindu behar izan, kontadore bat izango dute, egiten duten gastua kontabilizatzeko.