EAJ-PNVko bozeramaileari Plenora joan ezin izan nuenez, ezin izan nien bertan esan ziren gezurrei erantzun, baina joan izan banintz ez dakit nere amorruari eusteko gauza izango nintzen, halako zinismo eta hipokresiaren aurrean. Nola gezurtatu daiteke (urriaren 25ean) Ertzaintzak ez zuela manifestazioa bortizki erreprimitu, eta ez zela zauriturik izan? Ikusi al zuen nola hasi ziren kargak, eta nola abiatu ziren Ertzaintzaren furgonetak manifestazio bururantz, Eroski eta Biteri inguruan? Ikusi al zuen leku horretan bertan nola jo ninduten era basatian eta nola jo zidan bizkarrean pelota batek? Ikusi al zuen neri bezala beste jende askori gertatutakoa? Zehazki nere lagunak ukalondoan zauritu zuten, eta anbulantzian lehenengo kura egin ondoren, beste batzuei lekua utzi behar izan zien, buruan eta belarrian zauriak baitzituzten. Ikusi al zuten nere portalera nola sartu ziren, baita beste lokal eta tabernetara? Ikusi al zuen nola hartu zuten kalea, porra eta pelota kolpeka gaueko 00:00ak arte, garai ilunenak gogoraraziz? Zergatik esan zuen ez zela denuntziarik jarri? Badaki ez duela ezertarako balio. Zer espero dezakegu instituzio hauetatik, zuen zerbitzura daudenean? Denuntziak bost axola zaizkie, tortura salaketak bezala. Seguraski ezin izango dio guzti honi erantzun, eta ez du biolentzia errepresiboa gaitzesteko adorerik izango, Ertzaintzan agintzen dutenei erantzun beharko bailie, Lakuako eta Madrileko gobernuei. Bukatzeko, Bertan Rusellen esaldi bat: «benetako ausardia da, beren ardurapepean izandako errepresioa eta biolentzia gaitzestea, ez aurkariak egindakoak».
Joan Sanchez Bolet (Erredakzioan euskeratua)