Hernaniko Udalak irabazi du saria, biodibertsitate atalean

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 6a, 01:00

INGURUGIROAREN bueltan Tokiko Iraunkortasun Sarien bigarren edizioa antolatu du Udalsarea 21 izeneko erakundeak. Erakundean biltzen dira ingurugiroaren eta natura errespetatuko duen garapen ereduaren aldeko konpromisoak hartu dituzten 197 udalerri. Sari honek hainbat atal izan ditu eta Hernaniko Udalak irabazi egin du, biodibertsitatearen alorrean. Sari Banaketa asteartean egin zen Barakaldoko BEC aretoan eta Iñaki Sanz Aranzadi Zientzia Elkarteko biologo hernaniarrak eta Izaskun Txintxurreta zinegotziak hartu zuten saria. Saria 3.000 eurokoa izan da. Saria Aranzadi Zientzia Elkartearekin 2007an sinatutako hitzarmenetik etorri da. Izan ere, hitzarmen horren bidez Hernaniko natur ondarearen azterketa egin dute. Azterketa horren bidez jakin dute, besteak beste, Hernaniko ibai eta erreka inguruetan mehatxatutako landare populazio aberatsa dagoela. Horien artean hiru azpimarratu dituzte: Trichomanes speciosum, Hymenophillum tunbrigense eta Soldanella villosa. Orain, lan horren bigarren faseari emango diote hasiera. Asmoa da hiru espezie hauek non dauden jakin, sakon aztertu eta beren habitata mantentzeko neurriak hartzea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!