Umeen egunarekin hasiko da bihar Mendizale Astea, Mendiriz Mendik antolatuta

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 6a, 01:00

Mendiriz Mendi elkarteak umeen egunarekin emango dio hasiera bihar Mendizale Asteari. Urtero izaten da haurrei zuzendutako egun bat eta bertan, urtean zehar Mendiriz Mendik antolatutako irteeretan parte hartu duten haurrei dominak banatzen dizkiete; aurtengoan 43 izango dira domina jasoko duten umeak. Dominak banatu ondoren, umeek jai berezia izango dute Beti lagun txotxongiloaren eskutik. Ekitaldia arratsaldeko 20:00etan hasiko da Biteri Kultur Etxean.

`Premiazko laguntza´ri buruzko ikastaroa
Bihar baita ere, premiazko laguntza-ri (primeros auxilios) buruzko ikastaro teoriko praktikoa izango da. Ikastaroan, besteak beste, mendiko istripu larrietan zer egin eta hauek nola saihestu ikasiko dute. Ikastaroa elkarteko lokalean izango da arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara eta Hur Lertxundi medikuak emango du. Izena eman nahi dutenek oraindik badute aukera.

Mendizaleek prestatutako irudi proiekzioak
Datorren astean berriz, gonbidatutako mendizale edo bidaiariek prestatutako argazki eta ikus-entzunezko montajeak izango dira egitarauan leku gehien hartuko dutenak. Astelehenean esaterako, Jose Ramon Agirrek Broad Peak menditik (K3 izenez ezaguna) parapentean egindako jaitsiera erakutsiko du; mendian beste era batera nola gozatu daitekeen erakutsiko du. Alberto Iñurrategi Aretxabaletako mendizalea ere izango da Mendizle Astean. Asteazkenean izango da bere hitzaldia eta bertan azalduko du leku exotikoetara bidaiatzen duten mendizaleei buruz egin duen azterketa. Ostegunean berriz, herriko mendizaleek izango dute protagonismoa, Rafa Elorza eta Iñaki Zuza arituko dira beraien eskalada eta trekking abenturak kontatzen.

Argazki lehiaketako sari banaketa
Mendizale Astearen barruan izan den argazki lehiaketako sari banaketa izango da ostiralean. Aurtengoan 35 izan dira lehiaketan parte hartu duten herritarrak eta guztira lau sari banatuko dira. Bestalde, elkarteak urtean zehar engidako irteeretan ateratako argazki bildumaren proiekzioa ere eskainiko dute. Azkenik, Mendiriz Mendi elkarteak Mendizale Asteari amaiera emateko bazkide eguna antolatu du azaroaren 16rako, igandea. Bertan Pagoeta-Gazume-Bidania ibilibidea egingo dute.

Ekitaldiak 19:30etan
Mendizale Astearen barruan izango diren ekitaldi guztiak Biteri kultur etxean izango dira, arratsaldeko 19:30etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!