Kasu honetan Inma Noble eñotzuarrari tokatu zaio. 20 urte espetxean pasa ostean, kondena beteta aske geratu behar zenean beste hamar urtez luzatu diote kartzela zigorra, izugarria!!! Atrebentziaz jar nadin Inmaren lekuan, Parot dotrina zikina ezarri dietenen lekuan bezala. Askatasunaren maratila zabalik zuenean, askatasuna usaintzen hasi zenean, berriro ere amaigabeko bidea duen tunel zulo horretara lotu dute, beste hamar urtetarako. Duela 20 urte ezagutu nuen espetxean sartu berritan, oker ez banago Yeseriaseko kartzelan izan zitekeen. Ni ere beste lagun batzuk bixitatzera nindoala han ezagutu nituen Loli eta bere senitartekoak. Nire lagunak zorionez urte luzez espetxea pairatu ostean kalean dira zorionez. Berarekin akordatu naiz, Inmarekin. Seguruenera etxeko epelean familiarekin egoteko irrikitan egongo zirenean, injustizia inpartitzen duten epaile bihotzgabe baten erabakiz, zer ariko ote diren pasatzen Dardarizoa, pena, inpotentzia, mala ostia.... sentsazio guztiek bat egiten dute. Berriro ere diot, izugarria!!! Besarkada handi bat trantze txar hori pasatzen ari direnei eta horrelako gertakizun malapartatuak isilean utzi nahi dituztenei, aitzitik eta batez ere, hemengo politikariei, erregu bat: gure etxean horrelakorik gerta ez dadin zerbait egin dezatela, baina hori bai, kondena hutsaletatik haratago.
Martin Agirre Lasarte